Erorien eraikina deitutakoaren eraldatzeko eta faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikoaren lanketarako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa sortzeko akordio “esanguratsu” eta “ausarta” lortu du EH Bilduk PSN eta Geroa Bai alderdiekin. Gaur eguerdian aurkeztu dute indar politikoek ituna. “Egun pozgarria da, akordio honek urrats historikoa suposatzen duelako. Orain arte posible izan ez dena posible egiten du”, adierazi du Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak. “Eraikinaren inguruko eztabaidari behingoz irtenbide bideragarria ematea. Irtenbide bat, ez bakarrik aurreko mendeko frankismoa eta faxismoa salatzeko; irtenbide bat, gaur egun gure gizartearen mehatxu nagusia diren joera autoritarioen antidoto bezala”.
Erorien monumentua deituriko eraikina 1942an zutitu zuten, eta 82 urte daramatza Iruñeko bihotzean frankismoari eta gerrari gorazarrea egiten. “Urrats honek, hamarkada luzez frankismoaren biktimentzat eta, oro har, frankismoa eta faxismoa arbuaitzen dugun herritar guztientzat arazoa izan den eraikina, aukera historiko bilakatzen du”, zehaztu du Zabaletak. Izan ere, orain arte hartutako konpromisoetan oinarrituta, itunak eraikinaren eraldaketa fisiko eta sinboliko bat zehaztu du: “Eraldaketa bat, zeinak, eraikinean faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikoaren aldeko interpretazio zentroa sortzeaz gainera, sinbologia faxistari lotutako hainbat elementu eraistea zehazten duen eta, aldi berean, arkitektonikoki erakinaren balio sozial berriaren araberako aldaketen noranzkoa zehazten duen”.
Akordioren balio politiko-demokratikoa azpimarratu du Zabaletak: “Eskuin muturraren eta faxismo forma berrien goranzko joeraren aurrean, ezberdinon arteko akordio zabalak balioan jartzen ditu; atzo eta gaurko, faxismoari, aurre egiteko”. Gainera, memoria historikoa XXI. mendera ekarriz. Hala, adierazi du Iruñea eta Nafarroa memoria historikoa, demokrazia eta giza eskubideak defendatzen kokatzen dituela akordioak munduaren mapan.
Akordioak EH Bilduko Mahai Politiko nazionalaren, Nafarroako mahaiaren eta udal taldearen aho bateko babesa dauka. Eta duen balio politikoa eta sinbolikoa aintzat hartuta, datorren azaroaren 22an eta 23an Nafarroako bilkide edo militanteen artean berrespenera eramango du EH Bilduk.
‘Maravillas Lamberto’ zentroa
Maravillas Lamberto izena hartuko du eraikinak akordioak irekitzen duen bidearen akaberan. “Justizia poetikoa. Sinboloak sinboloekin borrokatzen dira. Eta sinetsita gaude Larragako Maravillasek suposatzen duela horretarako adierazpen indartsuena”, esan du Zabaletak. Frankistek bortxatu, torturatu eta txakurretara bota zuten Lamberto, haren aitarekin batera 1936an, Larragan.
Akordioan jasotako esku hartzeari zilegitasun demokratikoa eta zirutasun juridikoa emateko, indar sinatzaileak bi lan-lerroetan zehaztutako bide-orri bat sustatzeko konpromisoa hartu dute: batetik, Nafarroako Parlamentuan dagozkion lege aldaketak aurrrera eramateko; eta, bestetik, Iruñean, akordioaren oinarrien araberako proiektuen lehiaketa berri bat martxan jartzeko, zeinak kalitate handieneko proiektuen inguruko Iruñeko herritarrei galdegitea jasotzen duen.