AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-09-25

Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko buruak hezkuntzaren inguruko egungo eztabaida «desordenatua» dela adierazi du gaurko kontrol plenoan, eta egoera horri erantzuteko Hezkuntza Akordioa berrartzeko eta Hezkuntza Mahaia osatzeko deia egin dio Imanol Pradales lehendakariari.

Otxandianoren hitzetan, aurreko Hezkuntza Akordioak «42 ildo jasotzen dituen jarduketa plan bat» zehaztu zuen, «ikuspegi progresiboa» zuena eta bi sexeniotan banatua. «Denak egon ginen bertan, salbu PP eta Vox», gogorarazi du. Haren ustez, akordio hori «baztertu egin da» eta «gaur egun kajoi batean dago», eta, bi bilera deitu direla ikusita, «abiapuntu hori berrartzeko momentua» dela defendatu du.

«Gaur egun eztabaida dago hezkuntzaren inguruan, nahiko desordenatua esango nuke», adierazi du. Horren aurrean, «eztabaida lasai hori egiteko, hezkuntza itunaren abiapuntuari berriro heltzea» dela irtenbiderik egokiena planteatu du.

Hezkuntza-berrikuntzaren inguruan ere hitz egin du Otxandianok. Administrazioak planteatutako ikuspegia baloratu gabe, «sekulako jauzia» dagoela nabarmendu du proposamenen eta ikastetxeetako eguneroko baldintzen artean.

«Zein da gaur egun ikastetxeetan ditugun baldintza zehatzetan behar dugun hezkuntza berrikuntza?», galdetu du. Ildo horretan, «egunean ordubeteko irakurketa egitea neurri efektista izan daiteke, baina adabakia baino ez dela» iruditzen zaiola adierazi du, eta hausnarketak «askoz harago» joan behar duela defendatu.

Digitalizazioari dagokionez, Otxandianok kritikatu du hezkuntza-prozesuan «irizpiderik» gabe planteatu izana. «Gailu elektrikoen erabileran trebatzea eta teknologiaren erabileran ahalduntzea nahastu dira», azaldu du.

Haren arabera, «teknologia erabiltzen heztea gai jakin batzuetan gaitzea baino askoz gehiago da», eta, lehenik eta behin, «teknologia zer den ulertu behar da». Gainera, «teknologia ez dela neutroa ulertzea» ezinbestekotzat jo du.

Adimen Artifizialaren inguruan, gizarte digital berriak «gaitasun intelektual eta kognitibo batzuk garatzea» eskatzen duela defendatu du. Horregatik, ohartarazi du hezkuntza-prozesuan «gailu elektronikoak modu masiboan eta irizpiderik gabe erabiltzea kaltegarria ere izan daitekeela».

Otxandianok hizkuntza-ereduen inguruko eztabaidari ere heldu dio. Salatu du Eusko Jaurlaritzak bi aldiz esan duela «ez dakiela murgiltze eredua arazo bat den ala ez» eta «ez dakiela ze puntutaraino D eredua arazo bat den edo ez».

«Nik uste dut gobernu batek ezin dezakeela hori esan. Gobernu honek datuak izan beharko lituzke», adierazi du. Ildo horretan, ISEI-IVEIk datuak izan beharko lituzkeela defendatu du, «zer den funtzionatzen ari dena eta zer ez» zehazteko.

«Orain dela bi urte lege bat onartu zen, non esaten den ereduen sistema indarrean dagoela, beraz, baliagarria dela. Eta oraintsu Euskal Institutua sortu da. Zertarako sortu da?», galdetu du.

Egoera horren aurrean, EH Bilduren proposamena argia dela adierazi du Otxandianok: «Gure ikuspuntutik, benetako Hezkuntza Mahaia osatu beharko litzateke».

Mahai horretan «hezkuntza eragileak, adituak, herrialdean izan ditzakegun aditu garrantzitsuenak eta alderdi politikoak» bildu beharko liratekeela azaldu du.

Gainera, proposatu du lehendakaria izatea Hezkuntza Mahaiaren buru, mahaiak agenda zehatz bati ekin, hezkuntza-sistemaren egoeraren azterketa egin eta beharrezko erabakiak har ditzan.

«Presako erabakiak baitira gure hezkuntza-sisteman hartu behar ditugunak», azpimarratu du Otxandianok.

EH Bilduren proposamenaren arabera, beraz, Hezkuntza Akordioaren abiapuntua berrartzea eta eragile politiko, sozial eta akademikoak mahai berean biltzea litzateke hezkuntza-sistemaren erronkei modu partekatuan heltzeko oinarria.