EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Gasteizko Europa Jauregian, Eva Lopez de Arroyabe Arabako diputatu nagusi izateko hautagaiaren eta Rocio Vitero Gasteizko alkate izateko hautagaiaren aurkezpena egiteko.
Ekitaldian, bi hautagaiek datozen hauteskundeei begirako EH Bilduren erronkak eta lehentasunak azaldu dituzte, eta azken urteotan Araban eta Gasteizen egindako ibilbidea eta erakutsitako gaitasun politikoa nabarmendu dituzte.
Eva Lopez de Arroyabek Araban EH Bilduk azken hauteskundeetan izandako emaitza eta egindako ibilbidea nabarmendu ditu, eta lehen indarra izateko aukera “eskuragarria” dela azpimarratu du. “Araban oso gertu egon ginen. Duela lau urte garaipenetik oso gertu egon ginen. Azken urratsa baino ez zaigu falta. Eskuragarria da, egingarria da, azken pausua baino ez”.
Arabako diputatu nagusi izateko hautagaiak EH Bilduren egiteko modu propioa ere aldarrikatu du, hauteskundeak hurbildu ahala alderdien arteko desberdintasunak azpimarratzeko joeraren aurrean.“EH Bildu desberdina da. Ikusiko duzue, hemendik aurrera, hauteskundeak hurbiltzen direla alderdi politiko guztiek arreta jarriko dute ezberdintasunetan. Nahiz eta gobernuak partekatu. Baina guk ez dugu politika konbentzionala egiten”.
Lopez de Arroyabek, horren ordez, adostasunak bilatzeko eta gizartea batzen duten elementuak lehenesteko beharra defendatu du. “Egoera honetan, nahiz eta hauteskundeak hurbildu, kontrako ariketa egiteko gonbidapena egin nahi diegu. Adostasunetarako espazioak bilatu behar ditugu, batzen gaituzten elementuak bilatuko ditugu”.
Ildo horretan, gobernantza eredu berri baten aldeko apustua egin du, herritarren bizi-baldintzak hobetzeko eta “ezohiko garai” hauei erantzuteko.“Ezohiko garai hauetan, bizitza duinak bermatuko ditugu, eredugarriak izango gara eta gobernantza beste eredu baten aldeko apustua egiten dugu. Horretan jarriko ditugu gure indarrak eta horretan adostasunak bilatzea espero dugu”.
Vitero: Etxebizitza eskubidea politika publikoen erdigunean
Rocio Viterok, bere aldetik, etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea euskal erakundeen eta, bereziki, Gasteizko Udalaren lehentasun nagusietako bat izan behar dela adierazi du. Bizileku-larrialdiaren aurrean eta etxe bat eskuratu edo mantentzeko gero eta pertsona gehiagok dituzten zailtasunen aurrean, EH Bilduren Gasteizko Alkatetzarako hautagaiak, Rocio Viterok, eskura dauden tresna publiko guztiak aktibatu eta instituzioen erantzuna azkartzeko beharra defendatu du.
“Seguruenik, bizitza duinak lortzeko gure erronka handienetako bat oraintxe bertan etxebizitza eskubidea bermatzea da”, adierazi du Viterok. “Azken egunetan Erandion eta Gasteizen ikusten ari garenak biziki kezkatzen gaitu. Deshumanizazio sakona da ikusten ari garena”.
Viteroren ustez, egoera horri erantzuteko, erakunde guztiek modu koordinatuan jardun behar dute, eta etxebizitza publikoak modu irmoan handitu behar dira. Horren harira, EH Bilduk ‘Posible 30K’ proposamena planteatu du, datorren hamarkadan 30.000 etxebizitza eraikitzea bultzatzeko eta etxebizitza parke publikoa handitzeko. “Etxebizitza larrialdi nazionala da, eta eskura ditugun tresna publiko guztiak aktibatu behar ditugu irtenbidea emateko”, esan du. “Datorren hamarkadan 30.000 etxebizitza eraiki ahal izateko oinarriak jarri ditu EH Bilduk. Orain posible egin behar dugu helburu hori eta adostu nola azkartuko dugun erantzun hori erakunde guztietan”.
EH Bilduren hautagaiak estrategia hori Gasteizera eramatea eta Udalak etxebizitza bere politika publikoen erdigunean jartzea eskatu du. “Hamarkadetako geldotasun eta utzikeria munizipalaren ondoren, beharrezkoa da etxebizitza Gasteizko politika publikoen erdigunean jartzea ere. Hori da gure konpromisoa”, azpimarratu du Viterok.
Bestalde, Gasteizko alkate izateko hautagaitza “ilusioz eta indarrez” hartzen duela adierazi du, eta EH Bilduk hirian duen posizio politikoa eta azken legealdian izan duen erabakigarritasuna nabarmendu ditu. “Ilusioz eta indarrez betea ekiten diot erronka berriari, zuek ondoan izango zaituztedanaren ziurtasunarekin. Eta gainera, inoiz ez bezala iritsiko gara hauteskundeetara: lehen indarra gara Gasteizen, erabakigarriak izan gara legealdian, geure proiektu politikoa nora eraman nahi dugun erakusteko adibide ugari ditugu”.
Gasteizko alkate izateko hautagaiak EH Bilduren lehentasunak azken hiru urteetan gauzatutako proiektuetan islatu direla defendatu du. “Lehentasunez aritzen garenean, ez dira hitz soilak. Hiru urte hauetan martxan jarri ditugu proiektu garrantzitsuak: gazteentzako alokairu sozialerako etxebizitzak, ehundik gora jangela plaza berri adineko pertsonentzako, 20 komunitate energetiko berri...”.
Viterok EH Bilduren gobernagarritasuna ere aldarrikatu du, eta erakundeen kudeaketan erakutsitako gaitasuna nabarmendu du. “Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen EH Bilduren gobernagarritasuna. Erakutsi dugu gaitasun osoa dugula, ideiak baditugula eta Gasteizek aurrera egin dezan norabide berri bat eskaintzeko gai garela. Arduraz, seriotasunez, eta zintzotasunez lan egiten duen indarra gara”.
Azkenik, Gasteizen etorkizunari begira, Viterok EH Bilduren proiektuaren aldeko apustua defendatu du. “Eta orain zer? Ba bidegurutzea argia da. Gasteiz ireki, inklusibo, eta aurrerakoi bat EH Bilduren eskutik iritsiko da soilik”.
Bere esanetan, hiriaren etorkizuna ezkerretik eta proiektu aurrerakoi baten bidez eraiki behar da. “Gasteizen etorkizuna PPren eta bere bazkideen esku uzteak atzerapausoak baino ez ditu ekarriko, orain arte lortutako eskubideen galerak. Eta guk argi dugu, Gasteiz ezkerretik eta proiektu aurrerakoi batik abiatuta eraiki behar dela”.