AKTUALITATEA

| 2021-10-06

Mikel Otero EH BIlduko kideak #DeskonektatuElektriketatik ekimenaren inguruan eta argindarraren prezioaren gehiegikeriaz aritu zen bart Hamaika Telebistan. Argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren aurka, urriaren 8an, 22:00-22:30 bitartean itzalaldi elektrikoa eta kazola jotzea egiteko deia luzatu zuen.

Hona hemen esandakoaren laburpena:

Muga guztiak gainditu ditu argindarraren prezioak eta duela urtebeterekin alderatuta, 5 aldiz handitu da. "Espainiako Gobernuak askoz gehiago egin dezake. Egia da, halere, gauza interesgarriak egin dituela. Baina interesgarrienak izan daitekeen neurria da oligopolio elektrikoek lortzen dituzten irabazi ilegitimo horiei eskua sartzea. Hortik dator elektrikek abiatu duten gerra. Hala ere, uste dut askoz gehiago egin dezakeela", ondorioztatu du.

Uste dugu iritsi dela momentua elektrikei aski da esateko. Sistema perbertso baten menpean gaude, eta euskal herritarrok, katalanek edo galegoek ez dugu aukerarik argindarraren prezio justua ezartzeko.

Botere izugarria dute enpresa elektrikoek, eta joko handia egiten dute subastekin. Informazio eta botere nahikoa dute zentral elektrikoekin jokatzeko, azken baten, prezioekin jokatzeko. Irabazi ilegitimoei eskua sartu behar zaie eta energia nuklearretatik lortzen dituzten irabazietan ere bai. Hauek duten botere merkatuan eskua sartu behar da.

Egia da argindarraren prezioa herrialde ezberdinetan igo dela Europan. Baina Estatuko sisteman argindarraren prezioa igotzen denean, bat-bateko eragina dauka kontsumitzaileetan. Beste herrialde batzuetan prezioa finkatu egiten da. PSOEk, PPk eta abarrek erabaki dute Europan prezio finkatze perbertso hori.

Iberdrolak eta elektrika enpresa handiek etengabeko pultsuak botatzen ari dira. Guztiei burla eginez, existitzen ez den kargu bat eman diote alderdi jakin bati lotutako pertsona bat. Politikarien salerosketan parte-hartzeko prest agertu dira elektrikak. Beraien irabaziak mantentzeko gogor borroka egingo dute. Hau espolio bat da, eta argi uzten ari dira ez direla geldituko, duten boterea mantentzeko.