AKTUALITATEA

| 2021-10-04

Elkarrizketa egin diote ETB1 eko 'Egun on Euskadi' saioan EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruari. Bertan, Espainiako Aurrekontuak, argindarraren prezioa, pentsioen erreforma eta Casadoren azken adierazpenak izan ditu, besteak beste, mintzagai. Hona hemen elkarrizketaren laburpena:

Pablo Casadori erantzuna

«Vox eta PPren artean ez dago inolako ezberdintasunik. Agerian geratu da asteburu honetan. Kontraerreforma autoritario bat abiatu nahi dute, eta ez da gure mesederako izango. Legea urratzen lehenak haiek dira».

«Atzerapausoak eman nahi dituzte eskubideen, neofrankismoan ondo bizi ziren hainbat elite ikusten ari direlako berain egoera arriskuan egon daitekeela. Gogortzen ari dira haien jarrera».

«Espetxe eskumena berreskuratu, gaztelania inposatu eta ilegalizazio mehatxuekin ezker independentismoa kriminalizatu nahi dutenek ez dute lortuko gure norabidea aldatzea. Casadoren adierazpenek ez dute eraginik gure helburu eta estrategian».

Aurrekontuen negoziazioa

«Ciudadanos ekuaziotik kanpo dago aurten, beraz ezker subiranistokin ados jartzea besterik ez du gobernuak. Hori da daukan aukera bakarra. Ez dago besterik. Momentu egokia da aukera aprobetxatzeko, ezkerreko politikak abian jartzeko eta eskubide sozial eta ekonomikoetan aurrera egiteko. Negoziazioen hastapenetan gaude orain; PSOE eta Unidas Podemos dira haien artean ados jarri beharreko lehenak».

Pentsioen erreforma

«Inork ez dezala duda izpirik izan. Argi eta garbi diogu: ez dugu onartuko pentsioen erreforma aldaketarik egin ezean. Ez dugu onartuko murrizketarik. Atsedenik gabe presionatzen segituko dugu gobernua mugiarazteko, lan erreforma indargabetzeko, gutxieneko pentsioak igotzeko eta erretiro adina ez luzatzeko».

«Zenbat eta eskubide gehiago irabazi eta politika progresistagoak egin, hobe. Zerga erreforma egitea ere premiazkoa iruditzen zaigu, fortuna handiei zergak igotzeko eta gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Ezin dugu ontzat jo langile xume batek ordaintzen duenaren parekoa ordaintzea fortuna handi batek. Europatik ere gomendatzen ari dira %15a igotzea».

Argindarraren prezioa

«Ate birakariek indarrean jarraitzen dute argindarraren garestitze bete-betean. Erabat onartezina da. Carmonaren izendapena da horren adibide. Espero dugu Gobernuak hori ez onartzea eta fakturetan eta etekinetan eragin zuzena izan dezaketen neurriak hartzea, guztion onurarako. Prezioen gaineko kontrola behar da».

«Ez dago aitzakiarik egiturazko pauso ausartagoak ez emateko. Dirutza itzela irabazten duten oligopolio elektriko eta elite ekonomikoen xantaiari modu bateratuan erantzungo diogu ostiral honetan. 22:00etan hasita itzalaldi masiboa egingo dugu Kataluniako eta Galizako herritarrekin batera».

«Energia berriztagarrien proiektuak eteteko Iberdrolaren mehatxuengatik, Antonio Miguel Carmonaren izendapenarengatik edota argindarraren prezio altuengatik gogaituta dagoen orok ostiralean du aukera haserrea ikusarazi eta burujabetza energetikoa aldarrikatzeko».

«Dena da posible, egiten eta borrokatzen ez dena da galtzen den bakarra. Gai honetan ere burujabetza faltak nora eraman gaituen argi geratu da, eta horregatik Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako subiranistok egin dugu deialdia».

LABIren neurriak

«Badirudi neurriak leunduko direla biharko bileraren ostean. Ondo iruditzen zait, normaltasunera ere egokitu beharra dago, betiere zuhurtasunez jokatuz eta ahaztu gabe pandemia ez dugula erabat menperatu».