Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramaileari elkarrizketa egin diote gaur goizean ETB1eko 'Egun On' saioan eta bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial ziurgabeaz hitzegin du bertan, adieraziz, «egoeraren ondorioak ezagutzea zaila da baina aukerak aprobetxatu behar dugu euskal erakundeetatik, menpekotasunak alde batera uzteko eta etorkizuneko sektore estrategikoak indartzeko».
Trumpek aste honetan iragarritako muga-zergen inguruan, esan du, «Trumpek ireki duen gerratik inor ez da irtengo irabazle. Gure herrialdean desindustrializazio arazoak lehenagotik datoz eta orain gaiztotu egin litezke. Bridgestone, Sunsundegui, autogintza krisia... Gure industria indartzeko eta enpresen sustraitzearen aldeko politika eraginkorrak beharrezkoak dira».
Bestalde, estatus politiko berria ere izan dute hizpide. Aizpuruaren ustetan, «Euskal Herrian batu behar gara lehendabizi eta hortan jarri behar dira indarrak. Hemen lortu eta lortzen baditugu nahi minimoak, pauso garrantzitsu bat emana egongo da. Bada garaia, urte asko direlako hemengo herritarrek hori eskatzen dutela». «Hemen errealitate bat dago: hiru herrialdeetan gehiengo bat dago estatus berri baten aldekoa. Eta Madrilen ohartu behar dira horretaz, epe ertainean, ez dagoelako gobernu aurrerakoirik estaturik gabeko nazioak gabe», nabarmendu du bozeramaileak, nazio aitortzaren inguruan.
Horretaz gain, Aizpuruak adierazi du berehalako soluzioak eskatu dizkiotela Pedro Sanchezi Kongresuan, amiantoaren biktimen kalteordainei dagokionez, ibilbidea mingarria izaten ari delako. «Amiantoaren biktimek ezin dute gehiago itxaron. Bada garaia kalte-ordainen funtsa sortzeko», esan du.
Bukatzeko, Europa berrarmatzeko eztabaidari lotuta, argi hitz egun du Kongresuko bozeramaileak: «Ez dugu berrarmatzea babestuko; ezta OTANi baiezkoa ematea ere, herri honek ezetz bozkatu zuelako. Segurtasuna ongizatea bermatzea da. Ukraina berrarmatu genuen hortzeraino eta gerrak hor jarraitzen du. Diplomazioa eta elkarrizketa dira bidea».