Euskal Herria eta herri sahararra beti anaituta izan dira, herri gisa dituzten eskubideen borrokak eta defentsak lotzen baitituzte. Saharar herriarentzat oso esanguratsua den egun baten bezperan izan da gaurko bilera: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 50. urteurrenean.
Otegik eta Kortajarenak Fronte Polisarioko ordezkari berriari eta oro har saharar herriari ezker subiranistak saharar herriari ematen dion babesa eta elkartasuna helarazi diote, Marokok bere lurraldea legez kanpo okupatzen duelako eta ondorioz Giza Eskubideen urraketa sistematikoa gertatzen delako. Horri gaineratu behar zaio Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizi den krisi humanitario larria ere.
EH Bilduk Espainiako Estatuak deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurraldearen potentzia administratzaile gisa duen erantzukizuna gogorarazi du eta Espainiako gobernuari eskatu dio argi eta garbi aitor dezala Saharako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea. Era berean, nazioarteko komunitateari dei egiten dio nazioarteko zuzenbidearen arabera joka dezan, eskualdean bakea eta egonkortasuna bermatzeko, saharar herriak estatu independente gisa eratzeko duen eskubidea oinarri hartuta.