AKTUALITATEA

| 2021-09-09

Urte politikoari hasiera emateko, Maddalen Iriartek, EH Bilduk aurten izango dituen erronken berri eman du. Hasteko, osasun larrialdia izan du mintzagai Iriartek. Azaldu duenez, "pandemia luzerako doa eta errealitate horri heltzea lehentasun nagusietako bat izango da ezinbestean EH Bildurentzat". Horretarako, pandemia kudeatzeko eredua "aldatu" behar dela ohartarazi du Iriartek, "neurri murriztaileen lekuan neurri prebentiboak indartuz". Horrekin batera, osasun zerbitzuak "indartzea" eta egoera ekonomikoaren "susperraldia" bultzatzea ere "lehentasunezko erronkak" izango direla jakinarazi du.

Testuinguru horretan, EH Bilduk hiru erronka nagusi izango dituela azaldu du Iriartek:

Batetik, klima aldaketa eta trantsizio energetikoaren inguruko lanak, ekonomia suspertzeko "palanka" moduan erabili behar direla deritzo. Bestetik, garai berrietara egokitzeko, eredu produktiboa "eraldatu eta gaurkotu" behar dela argudiatu du. Azkenik, suspertze ekonomikoa "kalitatezkoa eta osoa" den enpleguaren terminoetan eraiki behar dela erantsi du. "Susperraldia ezin da langileen prekarietatean oinarritu", ohartarazi du.

Helburu horiek lortzeko, gazte emantzipazio politikak eta zaintzen eta babesaren inguruko politikak lehentasunen artean egongo direla plazaratu du: "Hitz egin beharko dugu zaintzaz, erresidentzietaz, gizarte zerbitzuen euskal sistemaz, migratzaileen harrera politiketaz…". Horrekin guztiarekin batera, praktika irregularrak eta ustelkeria kasuekin amaitu eta aldaketa fiskal sakonen garaia dela nabarmendu du.

Azkenik, estatu politiko berri baten unea dela ere azpimarratu du Iriartek; "gai honetan fase erresolutibo batean sartzeko unea iritsi da. Jada ez dago aitzakiarik eta guztiok argi mintzatu behar diogu gizarteari".