AKTUALITATEA

| 2023-05-22
Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak eta Olaia Duarte Donostiako Udalerako hautagaiak politika feministez adierazpenak egin dituzte, gaur goizean, Donostiako Gipuzkoa plazan.
 
Maddalen Iriarte: “Gobernantza feministak lidergoa hartu behar du herri honen etorkizunaren eraikuntzan”
 
Aurrean ditugun erronka kolosalek gobernantza feminista eskatzen dute. Berdintasunez bizitzeko eskubidea dugu, genero zein sexu orientazioagatik diskriminatuko ez den gizarte bat eraikitzeko determinazioa daukagu. Badago zer egina, lehengo asteko bi adibideri erreparatu besterik ez dago: Villabonan salatutako eraso homofobo eta arrazista, batetik, Orion izandako erailketa matxista, bestetik.
 
Gobernantza feministak eskaintzen ditu erronka kolosalei aurre egiteko behar diren enpatia, elkartasuna, ekintza kolektiboa, inteligentzia eta diziplina anitzeko taldeetan lan egiteko gaitasuna. Gipuzkoako EH Bilduren alkatetzetako esperientziak aberasgarriak dira: Orereta edo Azpeitiko erreferentziazko emakume etxeak, halako gune bat sortzeko Oñatin egindako partaidetza prozesua, Hernaniko kulturarteko plaza feminista, Orioko udalak indarkeria matxistari aurre egiteko aktibatu duen erreparazio fasea eta eskaintzen dituen udal baliabideak...
 
Ezin dugu inolako atzerapausorik onartu, EH Bilduk ez du onartuko. Eta Gipuzkoako Foru Aldunditik gure esku dagoen guztia egingo dugu egiazko parekidetasuna eraikitzeko: emakume eta gizonen arteko soldata arrakala amaitzeko Gipuzkoa mailako hitzarmena lantzeko, herrialdeko sektore produktibo eta eragile sozialekin. Erabat feminizatutako zaintzaren sektorea eta bertan diharduten emakumeen lan baldintzak duintzeko. Foru administraziopeko organoetan emakume eta gizonen presentzia parekidea bermatzeko, zein Gipuzkoan egoitza fiskala duten enpresa pribatuen kudeaketa organoetan ere hala izan dadin sustatzeko.
 
Gobernantza feministak lidergoa hartu behar du herri honen etorkizunaren eraikuntzan. Jauzi bat egin behar dugu, politika feminista paliatiboaetatik, politika feminismoz bustitzera. Feminismoa erabakigune guztietan praktikatzera. Hori da gure konpromisoa, eta elkarlanean egiteko borondate politikoa dugu.
 
 
Olaia Duarte: “Donostiako Emakumeen Etxerako egoitza berria irekitzeko konpromisoa hartzen dugu”
 
EH Bildun argi dugu neurri tinkoak beharrezkoak direla eta horrela jokatu genuen 2011-2015 gobernuan egon ginenean hiriko mugimendu feministarekin batera: Donostiako udaleko lehenengo genero ikuspegiko aurrekontuak eginez, berdintasun politikak zeharka landuz, udaleko zaintza zerbitzuetako lan-baldintzak hobetuz eta genero ikuspegiko urbanismoa hiri auzoetara eramanez, puntu kritikoen mapa eginez.
 
Eta maiatzaren 28tik Aurrera gobernuan gaudenean berdina egingo dugu:
 
    Emakumeen Etxearentzako egoitza berria irekiz, Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean edo denboran luzatuko ez den kokaleku aproposean.
    Udalak garatu beharreko berdintasun politikei benetako bultzada emateko, Berdintasuneko Zuzendaritzaren gaur egungo aurrekontua bikoiztu egingo dugu.
    Behatoki feminista abian jarriko dugu, Donostian kontziliazio politikak sustatzeko bai lan-eremu pribatuan, bai administrazio publikoan.
    Indarkeria matxistari aurre egiteko plana indartuko dugu Donostiako mugimendu feministarekin batera.
    Puntu kritikoak ezabatzeko politika berreskuratuko dugu.
    Eta Kontratazio pleguetan soldata arrakala eta diskriminazioa desagerrarazteko irizpideak eta klausula sozialak ezarriko ditugu.