AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-11-14

EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du azken hamarkadan Nafarroan aldaketa nabarmena gertatu dela politika aurrerakoien bultzadari esker, eta bere alderdia funtsezkoa izan dela eskuinaren politikak urruntzeko, hamar urtez «eragiteko aukeraik gabe» egon baita. Ildo horretan, 2025erako aurrekontu-akordio berria aipatu du, eta nabarmendu du  gehiengoen eta langile klasean oinarritutako politika publikoen ereduan aurrera egitea ahalbidetu duela.

«Guk helburu argiak ditugu: pertsonak erdigunean jartzea, haien arazoak konpontzea eta eskubideak zabaltzea», gaineratu du, ekintza politikoan ikuspegi eraldatzailea eta epe luzekoa izateko beharra azpimarratuz. Azkalek ere ahaleginak areagotzeko eskatu dio gobernuari, eta azpimarratu du «inertzia ez dela aukera bat» eta ezinbestekoa dela «azeleragailua zapaltzea», Nafarroako gizarteak aurrean dituen erronkei aurre egiteko.

«Gure herria babesleku demokratikoa izatea nahi badugu, aurrerapausoak eman behar ditugu gobernantza feministara eramango gaituen norabide batean», esan du, eta nabarmendu du bai udaletan bai Nafarroako Parlamentuan EH Bildu erreferente izan dela eta izango dela politika aurrerakoi eta eraldatzaileetan.

Aznalek azpimarratu du garrantzitsua dela egungo egoera geopolitikoak eskatzen duen «erantzukizun handia» bere gain hartzea, eta adierazi du Nafarroak erakutsi duela, azken urteotan, «gorrotoaren diskurtsoek, xenofoboek eta matxistek ez dutela lekurik». «Euskal Herria nazio antifaxista da. Nafarroa antifaxista da, eta hemen ados jartzeko gai izaten ari gara horrela izaten jarrai dezan», adierazi du Aznalek, sektore autoritarioen atzerakadaren aurrean indar aurrerakoien batasuna azpimarratuz.



 

Nafarroako egoeraren azterketa 

- Fiskalitatea: «Aurten, berriz ere, aukera galdu dugu Nafarroan fiskalitate progresiborako neurriak onartzeko, non gehien duenak ekarpen handiagoa egingo duen, aberastasuna birbanatzeko tresna izango den eta gizarte bidezkoago baten oinarriak ezarriko dituen».

- Osasungintza: «Osasun zerbitzu publikoa gaur egun ez da gai herritarren beharrei erantzuteko. Egiturazko neurriak behar ditugu, baina huts egin digun lege-zirriborroa dugu mahai gainean. Lege berriak osasun publikoa blindatu behar du, eta elkarrizketaren bidez eta adostasunez egin behar da».

- Etxebizitza: «Etxebizitza ez da merkatuko ondasuna, eskubide subjektiboa baizik, eta, beraz, bermatu egin behar da. Horretarako, beharrezkoa da merkatuan esku hartzea eta neurriak hartzea landa-ingurunean ere etxebizitza eskuratzea bermatzeko».

- Despopulazioa: «Despopulazioaren aurka borrokatzeko modurik eraginkorrena da sistema publiko indartsuak bermatzea eta Nafarroako pertsona guztiei zerbitzuak eskuratzeko aukera unibertsala ematea, edozein lekutan bizi direla ere. Azken batean, landa-eremuetan bizi-baldintza duinak bermatu behar dira despopulazioaren aurka».

- Euskara: «Batzuk sinestarazi nahi digutenaren kontrara, euskaldunon eskubideak bermatzeak ez dakar inondik inora gainontzekoen eskubideak murrizterik. Eskubideak ezin dia inolaz ere zonifikatu, eskubideak pertsonei dagozkigulako eta euskara, linguae navarrorum, gure berezko hizkuntza delako».

- Hezkuntza: «Hezkuntza eredu propioa eta burujabea dugu helburu. Haurra, ikaslea, erdigunean jartzen duena. Kudeaketa ona eta gardena duena. Hezkuntza komunitatearekin eta hezkuntza eragileekin uztartuta dagoena».

- Zaintza: «Beharrezkoa da zaintza ez merkantilizatzea, eta zaintza sistema publiko komunitario baten alde lanean jarraitzea».

- Pobrezia: «Nafarroan, 90.000 pertsona inguru pobreziaren atarian daude, horietako erdia baino gehiago pobrezia larrian dagoelarik. Gure gizarte-politikak pobrezia geldiarazteko edota arintzeko balio dute, baina ez murrizteko, eta are gutxiago ezabatzeko».

- Trantsizio ekologikoa: «Klima aldaketari aurre egiteko, ekonomia deskarbonizatzea erabateko lehentasuna izan behar da. Aho batez onartu zen lege bat dugu eta orain anbizioz betetzea dagokigu, geure biziraupena eta planetarena baitugu jokoan».

- Industria: «Mugikortasunaren elektrifikazioa nahitaez egin behar dugun bidea da, baina ez da arriskurik eta ziurgabetasunik gabea izango. Horregatik, erakundeek lagundu behar dute sektorea».

- Burujabetza: «Subiranotasuna behar dugu gure ongizatea egonkortzeko eta sendotzeko».