AKTUALITATEA

| 2025-11-04

Gaur goizean Onda Vascan Pello Otxandianori egindako elkarrizketan, Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi duenez, «zorrotzak izan behar dugu: Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak ez dira hedakorrak. Kontu batzuen aurrean gaude, eta apustu lotsati batzuk egiteko, murrizketak gertatzen dira eremu sentikorretan. Egiaztapen bat da».

«Etxebizitza-larrialdiari aurre egiteko proposamen bat helaraziko diogu sailburuari. Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan duen planteamendua ez da oso handinahia. Egoerak politika publiko aktiboak eta inbertsio garrantzitsuak eskatzen ditu», gaineratu du.

Enplegu publikoaren legeari dagokionez, Otxandianok adierazi du «akordioa posible dela. Ahalegin bat egin behar dugu. Herritarrek herri-administrazioarekin bi hizkuntza ofizialetan hitz egiteko duten eskubidea gauzatu behar da. Auzitegiek euskararen aurka emandako epaien aurrean hizkuntza-eskubideak blindatu, babestu eta errespetatu behar dira».

Ertzaintzaren barruan izandako azken gertakariak ere aipatu ditu eta eredua aldatu beharra dagoela berretsi. Bozeramailearen hitzetan, «ez dago Ertzaintzari egin dakiokeen desprestigio handiagorik edozein jarduera babestu eta justifikatzea baino, nahiz eta argi eta garbi legez kanpokoa izan. Arazoa konpontzen ez bada, areagotu egingo da. Egokia eta beharrezkoa da polizia-ereduari buruz eztabaidatzea».

Azkenik, faxismoaren gorakadari buruz, Otxandianok esan du «ezin dela distantziakiderik egon faxisten eta antifaxisten artean. Instituzioek ez normalizatzeko eta probokazioei legea eskuan dutela erantzuteko betebehar demokratikoa dute. Faxismoaren aurrean erantzun zibil, masibo eta plurala aldarrikatzen dugu».