Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko bozeramaileari elkarrizketa egin diote gaur goizean ETB1eko 'Egun On' saioan eta, bertan, 2026ko aurrekontuei begira lortutako akordioa izan dute hizpide. «Gure eragina Nafarroako kontuetan gero eta handiago da baina ausardia askoz handiagoa behar dugu egungo erronkei aurre egiteko: fiskalitatean, osasungintzan, etxebizitzan edo hizkuntza politiketan», azaldu du Aznalek. Eta akordioan jasotako hainbat neurri nabarmendu nahi izan ditu: «Balioan jartzekoak dira, besteak beste, gutxieneko pentsioak 1.100 eurokoak izateko edo Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eskumena lortzeko akordioak».
Nafarroako Parlamentuko jarduna gidatzen ari da azkenaldian Foru Gobernuak obra publikoetan egindako esleipenak ikertzen ari den batzordea. «Nafarroako ikerketa batzordea bere bidea egiten ari da eta bukaeraraino iritsiko da, egia osoa ezagutzeko. Gure tolerantzia ustelkeriarekin zero da eta seriotasunez hartzen dugu gaia. Oraingoz, irregulartasun administratiboak azaleratu dira», adierazi du gaiari loturik parlamentariak.
Halaber, berriki igaro den Nafarroaren Egunaren hildotik, estatu berri baten beharraz hitz egin du bozeramaileak elkarrizketan. «Nafarroa, nafarrok erabakitzen duguna izango da. Denari buruz erabaki nahi dugu. Gure subiranotasuna handitzea, gure ongizate maila igotzea delako; eta, horretarako, gure foraltasuna eguneratzeko indarrak pilatzera dei egiten dugu», esan du.
Bukatzeko, Aznalek, euskarak Nafarroan bizi duen egoera izan du hizpide. «Nafarroako Parlamentuan, zoritxarrez eta momentuz, ez dago gehiengo nahikorik euskarak behar duen tamainako jauzirik emateko, baina pausoak ematen ari gara, txikiak izanik ere. Adibidez, A2 eta B1 mailen doakotasuna edo, D ereduari dagokionez, eskaera dagoen herrietan lerro berriak sortzeko protokoloa. Bagoaz bidea egiten eta kalearen aldarrikapenak funtsezkoa izaten jarraituko du».