AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-10-05

Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak Nafarroa TV-en egindako elkarrizketan aurreratu duenez, zorrotzak izango dira gastu-muga eta aurrekontuen aurreproiektua aztertzerakoan. «Euskal Herria Bilduk bere ekarpenekin Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorrek bermatu behar duten ikuspegi sozialean eragingo du», adierazi du. Aurrekontuen negoziazioaren harira, gaineratu duenez «Nafarroako Gobernuarekin ditugun desadostasunak ezagunak dira, bereziki politika fiskaletan eta hizkuntza politiketan. Bi kasuetan, lanean jarraituko dugu, anbizio handiagoarekin, herritar guztiek eskubide gehiago lortzeko».

Aznalek nabarmendu du EH Bilduk erakunde guztietan duen jarrera konstruktiboa eta elkarrizketaren aldekoa dela. «EH Bildun ez gara lokatzetan sartzen, ez zaizkigu hitz potoloak gustatzen, nahiz eta Nafarroako Parlamentuan gehien deskalifikatzen gaituztenak garen. Politika beste gauza bat da», esan du. Halaber, «EH Bilduri esker, eskuinak ia 10 urte daramatza Nafarroako politikan eragin gabe. Eskuina erantzukizunetik balaztatzeko gai izan gara».