AKTUALITATEA

| 2024-11-16

Lanbidearteko gutxieneko soldatak zehazten du zein den langile guztiek jarduera ekonomiko guztietan gutxienez jaso behar duten ordainsaria, hau da, soldata zoru bat zeinaren azpian inor ezin daitekeen egon. Gutxieneko soldatak, beraz, sektore prekarioenak babesteko funtzioa du, nagusiki sektore feminizatuak edota negoziazio kolektiboak ematen duen babesa ez dutenak. Hori horrela, gutxieneko soldata egokia eta nahikoa izatea funtsezkoa da kalitatezko enpleguaren eta enplegu prekarioaren arteko bereizketa egiteko.

Gutxieneko soldataren zenbatekoa egokia eta nahiko baldin bada, eskaintzen duen babesak lagundu dezake langileei bizitza duinak bermatzen, enplegurako pizgarriak indartzen, pertsona okupatuen pobrezia murrizten eta soldata-banaketaren beheko tartean dagoen ezberdintasuna murrizten. Horregatik, gutxieneko soldata egoki baten babesak lagundu dezake genero berdintasuna sustatzen eta gazteen eta etorkinen bizi-baldintzak hobetzen, haiek baitira soldata-tarte baxuenean egoten direnak.

Gaur egun dugun eskuduntzen banaketak Estatuaren esku uzten du, Estatuko eragile ekonomiko eta sindikalekin aldez aurretik negoziatuta, lanbidearteko gutxieneko soldata uniforme bat arau bidez zehaztea, herrialde ezberdinen errealitate sozioekonomikoak kontuan hartu gabe. Horren ondorioz, lanbidearteko gutxieneko soldatak nahikotasunez babesteko funtzioa galtzen du Hego Euskal Herrian.

Europako Gutun Sozialak, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen 131. Hitzarmenak eta 2022/2014 Europako Zuzentarauak azpimarratzen dute gutxieneko soldataren zenbatekoa zehazteko orduan berau ezarriko den errealitate sozioekonomikoa kontuan hartu beharrekoa dela. Horretarako, ondorengo elementuak aintzat hartu beharko lirateke, besteak beste: herrialdeko batez besteko soldata, Gizarte Segurantzaren prestazioak, produktibitate maila eta bizitzaren kostua, hala nola etxebizitzaren, elikagaien eta energiaren prezioak. Europako Gutun Sozialaren arabera, lanbidearteko gutxieneko soldatak herrialdeko lanaldi osoko batez besteko soldataren % 60koa izan behar du.

Beste alde batetik, OIT erakundearen hitzarmenak onartzen du gutxieneko soldata bat ezartzea “ez dela berez bateraezina lurralde edo eskualde ezberdinetan gutxieneko soldata-tarifa ezberdinak ezartzearekin, bizitza kostuan dauden ezberdintasunak kontuan hartzea ahalbidetuko luketenak, alegia”.

Bistan da gure herrian Estatuak erabakita aplikatzen diren gutxieneko soldatak (1.134 euro gordin/hileko, 14 ordainsaritan, 2024. urtean) ez direla nahiko, Hego Euskal Herriko bizitzaren kostuari, etxebizitzaren eta elikagaien prezioei, soldaten mailari edota produktibitateari erreparatuz gero.

Gaur euskal sindikalismo osoak bat egiten du gutxieneko soldata propio baten aldeko aldarrikapenarekin, eta EH Bilduk hainbat ekimen aurkeztu ditu norabide horretan Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan. Konpromiso politiko bat eskatu dugu negoziazio kolektiboaren bitartez Lanbidearteko Akordio bat sustatzeko, gure errealitate sozioekonomikoari egokitutako gutxieneko soldata bat ezartze aldera. Nahiz eta 2022ko aurrekontuetan EH Bilduk akordio bana sinatu zituen helburu horrekin Gasteizko eta Iruñeko gobernuekin, gero borondate politikoa falta izan da akordio horiek garatzeko.

EH Bilduren iritziz, onena gai hau arautzeko ahalmen osoa edukitzea litzateke, Europar Batasuneko estatu gehien-gehienen praktikak erakusten duen moduan. Helburua euskal eragile ekonomiko eta sindikalen arteko akordioak lortzea litzateke, desiragarria den negoziazio kolektibo prozesu baten ondoren, azken batean, gutxieneko soldataren zenbatekoa arau bidez zehazteko, hau edozein gobernuren erantzukizun politikoa baita arlo ekonomikoan eta soziolaboralean.

Hala ere, egungo eskumenen esparruaren ez-nahikotasuna, burujabetza falta, ezin da aitzakia izan helburu horretarantz urratsak egiteko erantzukizun politikoari ez heltzeko.

Eskumen horren transferentzia lortu bitartean, eskuragarri ditugun tresnak erabiltzeko obligazioa dugu, hala nola Lanbidearteko Akordio baten negoziazioa. 2017ko Lanbidearteko Akordioak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enpresarien elkarte eta sindikatu guztiek sinatu duten azkenak, negoziazio kolektiborako euskal esparrua defendatzea ahalbidetu zuen, 2012ko lan erreformak ekarri zuen esku-sartzearen aurrean.

Gaur egun, gutxieneko soldata propio bati buruzko Lanbidearteko Akordio batek ere ondorio eta hobekuntza garrantzitsuak ekar litzake lan harremanen euskal esparruan.

Amaitzeko, lanbidearteko euskal gutxieneko soldatari buruzko eztabaidan, bai eta lanaldia murriztu beharraz Madrilen irekita dagoenean ere, agerian geratzen ari da berriz ere autogobernu handiagoa behar dugula estatus berri batean, horrek eskumenak eta tresnak emango lizkigukelako euskal langileriaren bizi-baldintzak hobetzeko erabakiak ere hemen hartzeko.

Pazis Garcia (EH Bildu)