AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-01-24

Lan erreforma bertan behera uztea Espainiako Gobernuaren proposamen nagusietako bat izan da hasiera-hasieratik. Hala jakinarazi zuten PSOE eta Unidas Podemos alderdiek hauteskunde kanpainan eta hala sinatu zuten EH Bildurekin. Zoritxarrez, Yolanda Diaz ministroak berriki aurkeztutako erreforma proposamena urrun geratzen da agindutako horretatik, oso urrun.

Lan erreforma berria “aukera historiko” bezala saltzeko ahaleginak egin dituzten arren, EH Bildutik argi daukagu CEOErekin eta zenbait sindikaturekin onartutako erreforma hori onartezina dela. Onartezina da ez delako nahikoa. Zergatik? Ez dituelako Rajoyren 2012ko lan erreformaren ezaugarri kaltegarrienak aldatzen. Bost dira guztira:

Lehenik eta behin, beharrezkotzat jotzen dugu enpleguari egonkortasuna ematea, eta langileak kaleratze bidegabeen aurrean babestea. Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu lan-araudiak berreskura dezala lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina, baita kaleratze bidegabeetan izapidetzen diren soldatak ere.

Bigarrenik, ez da flexibilizazioarekin amaitzen; eta aurreikusi gabeko egoera negatiboen aurrean enpresei malgutasuna eman beharrak ezin du justifikatu enpresak bere aldetik hitzarmenean adostutakoak bete ez izana; batez ere, soldata-arloan.

Era berean, ez da Enplegu Erregulazio Espedienteen gaineko kontrol publikorik ezartzen.

Gainera, egokitu eta berridatzi egin behar dira enpresa batek zailtasunak argudiatuz kaleratzeko arrazoi ekonomikoak. PPren lan-erreformak kausalitatea malgutu zuen, eta enpresen komenentzia hutsagatik legeztatu ziren kaleratzeak, hau da, ez bakarrik galerak dituelako, baita etekinak murrizten dituztelako ere. Kausalitatea gogortzea ezinbestekoa da.

Azkenik, lan erreforma honek ez du itunen estatalizazioa ezabatzen, eta beraz, Estatu mailako itunek lehentasuna izaten jarraituko dute lurraldeko eta autonomia mailako hitzarmenen gainetik, hala nola, gure herrialdeko akordio interprofesionalen gainetik.
 

Lan erreforma honi ez, trabajamos y decidimos en Euskal Herria

Kalera ateratzeko unea da. Rajoyren erreformaren aurrean Euskal Herriko langileriak egin zuen bezala, orain ere, kaleak hartzeko unea da; erreforma hau ez da hitzeman zigutena eta, are okerrago, ez da euskal langileek behar dutena.

Horren adibide garbia da, FAES elkarteak edota Aznar berak babesa helarazi eta Rajoyren erreformaren ezaugarri nagusiak mantendu egiten direla azpimarratu izana edota Ciudadanos alderdiak “koma bat ere” aldatu nahi ez izatea... Espainiako eskuin muturreko sektoreek babesten dute Gobernuak sustatutako erreforma, agerian utziz akordio historiko bat izatetik eta dena aldatu nahi zuen erreforma bat izatetik urrun dagoela, eta Estatuko langileen interesen aurka doan erreforma bat izatera igaro den proposamen baten aurrean gaudela.

Horren aurrean, EH Bildutik bat egiten dugu euskal sindikatuen gehiengoak urtarrilaren 30ean antolatutako mobilizazioekin. Ez dugu euskal langileen aurkako eraso gehiagorik onartuko. Lan erreforma honi ez, trabajamos y decidimos en Euskal Herria.