AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-02-03

Nerea Kortajarena:

Ikasturte politiko honen ezaugarri nagusia Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria baloiak kanpora botatzen eta konspirazioaren teoria sustatzen ikustea izan da. Urkullu lehendakaria herritarrei eta EH Bilduri errieta egiten ikustera ere iritsi da. Horrek guztiak helburu argia du: norberaren erantzukizunak saihestea eta ez hitz egitea jendea benetan kezkatzen duenaz, zerbitzu publikoen narriadura nabarmenaz.

Argi dago Jaurlaritza hau eta bere politika publikoak ez ezik, uneak ulertzeko eta horiei aurre egiteko eredu oso bat ere agortzen ari dela.
Gaur egun, herritarrek entzun behar dute Osakidetzaren gainbehera  pandemiaren ondorioa dela, denok lehen pertsonan egiaztatu genuenean murrizketak eta horien ondorioak askoz lehenago iritsi zirela. Herritarrek errespetu handiagoa merezi dute. Kontraesana da Osakidetzaren narriadura eragin dutenak orain irtenbide gisa aurkeztea. Haiek dira zerbitzu publikoen harribitxia erortzen utzi dutenak eta gizartearen aurrean duten erantzukizuna beren gain hartu behar dutenak. Baina ez dute hori egin nahi. Benetako diagnostiko zintzoa egin gabe, ezinezkoa da edozein arazo konpontzea.

Azken egun hauetan, Urkullu lehendakariaren eta EAJren arteko eta Jaurlaritzako sailburuen eta Sabin Etxeko buruzagien arteko adierazpen gurutzatu eta kontraesankorrak ere ikusi ditugu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak behar duen errejenerazio eta aldaketa politikoaren erakusgarri garbia da hau guzti hau. Sinesgarritasun kontua da. Eta lehentasunena. Izan ere, dioten bezala, Osakidetza lehentasuna izango balitz Jaurlaritza honentzat, herritarrek beren anbulatorioetan eta osasun zentroetan egunero bizi dituzten arazoak konpontzeko bidean egongo lirateke. Eta gertatzen dena guztiz kontrako norabidean doa, zerbitzu pribatuen arreta sustatzen ari direlako.