Mobilizazioa egingo da igandean, Korrikan pertsona migratzaileei muga zeharkatzen laguntzeagatik asteartean Baionan epaituko dituzten 36 aktibistei elkartasuna agertzeko. Azken hilabeteetan J’accuse izeneko kanpaina abiatu dute Euskal Herriko hainbat eragilek eta 1.000 autoinkulpazio baino gehiago batzea lortu dute. EH Bildu Irungo Ficoba eta Hendaia batuko dituen igandeko mobilizazioan izango da, epaituak izango diren aktibistei babesa eta elkartasuna agertzeko. Pernando Barrena eurodiputatuak, Nerea Kortajarena Legebiltzarreko bozeramaileak, Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramaileak eta eskualdeko hainbat ordezkarik osatuko dute EH Bilduren ordezkaritza.
Barrenak esan duenez, astearteko aktibisten aurkako epaiketa “erabat salagarria” da. “Beraiekin erabateko elkartasuna azaldu nahi dugu. Euskal Herria harrera herria da eta giza eskubideen babesa izan behar da migrazio politiken ezinbesteko oinarria”, esan du.
Azken urte hauetan Bidasoan izandako 9 heriotzen atzetik Europar Batasunaren migrazio politika dagoela azpimarratu du EH Bilduren eurodiputatuak. “Ibaiak ez du hiltzen. Europaren politika arrazistek eta migrazio politikek hiltzen dute”, esan du.
EH Bilduren ustez, onartezina da Frantziako Estatuak sei hilen behin aitzakiak aurkitzea mugetan ezarritako kontrolak berrezartzeko eta Shengen kodeari itzuli egin eta ez betetzeko. “Guztiz salagarria da. Migratzekoa giza eskubidea da eta babestu egin behar da”, adierazi du Barrenak.