Lortu arte. Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte. Horretarako jaio zen EH Bildu eta urte guzti hauetan, iparrorratz horrekin ibili da lanean. Osasun larrialdiak, erabat baldintzatu du azken bi urteetako jarduna eta, horregatik, egoerari aurre egin eta bere militantzia guztia berriz ere kalean batzeko apustua egin du EH Bilduk. Horretarako mobilizazioa nazionala deitu du Bilbon, azaroaren 20rako. "Konpromisoa" lemapean, Euskal Herri asko baten bidean urratsak emateko prest dauden herritarrak batu nahi ditu berriz ere Bilboko kaleetan zehar.
Hain zuzen ere, mobilizazioa aurkezteko agerraldia egin zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Bertan, ezker indepentismoa berriz ere batzearen garrantziaz mintzatu zen Otegi eta Olaia Duarte Donostiako zinegotziak. «Herri honen esentzia zerbaitek laburbiltzen badu, injustizien aurkako #KONPROMISOA da: altxatu, elkartu eta borrokatzeko grina ez dugu sekula galduko. Konformatzen ez dakien jendeak osatzen du Euskal Herria», azpimarratu zuen Duartek. «Bihotzen eta ukabilen marea bat osatu eta herri hau beste eszenatoki batera eraman nahi dugula irudikatuko dugu Bilbon», erantsi zuen Otegik.
Hona hemen mobilizazioaren manifestua eta, momentuz, atxikitu direxn pertsonen zerrenda:
ASKE ETA BERDINEN EUSKAL HERRIA LORTU ARTE
#A20NBilbora
Pandemiak kolpatutako herri batean bizi gara, honen ondorioak lehen pertsonan pairatu ditugu eta horrek berak lagundu gaitu errealitatea hobeto ulertzen. Honek urrundu egin gaitu eta askotan atsekabetu. Batu ere egin gaitu, komunitate baten parte izatearen sentsazioak, distantziatik bada ere, indartu egiten gaituelako. Ahuldu eta desagerrarazi nahi duten komunitatea delako gurea, ezkerreko independentismoa gorpuztu eta errotzen duena. Ultraeskuin faxistari, publikoaren pribatizatzaileei, prekarietatea errezeta bakartzat dutenei, munduaren etorkizuna errausten dutenei, euskara desagerrarazi nahi dutenei eta finean, euskal herritarron eskubideak murrizten dituztenei, aurre egiten dion komunitate konprometitu, askatzaile eta berdinzalea.
Atzera begiratzeko baliagarriak izan dira azken hilabeteak, gure iraganaren onena galdu ez dugula barneratzeko ezinbestekoak. Herri honen esentzia zerbaitek laburbiltzen badu, injustizien aurkako konpromisoa eta zutik jartzeko gaitasuna delako. Altxatu, elkartu eta borrokatzeko grina izan dugulako eta sekula galduko ez dugulako; konformatzen ez dakien jendeak osatzen baitu Euskal Herria. Erronkei tamainaz erantzuten dien jende konprometituz osatutako komunitatea baita ezker independentismoa gorpuzten duena. Hala demostratu zen duela hamarkadak emandako berpizkundearekin eta konpromiso hori berritzeko baldintzetan baldin bagaude, horri esker ere bada. Horretarako jaio ginen eta horri gatzaio zor: nazio librea, justua, feminista, ekologista, antifaxista, euskalduna eta baketsuarekin konprometituta gaude, eta ez dugu etsiko berau lortu arte.
Aske eta berdinen Euskal Herria dugu helburu, inboluzioari horma jarri behar diogu horretarako. Datozen hilabeteetan irekitzen zaigun abagunea probestuz, bermatuak behar ditugun eskubideak aldarrikatuko ditugu: inor ez gehiago eta inoiz ez gutxiago. Euskal herritarren gehiengoaren nahiak egikaritzeko konpromisoa hartzen dugu eta azaroaren 20an Bilboko kaleetan fase berri bat irekitzera goaz. Batera abiatuko dugun bidea izango da, berriz elkartuta eta bat eginik, ilusioz eta konprometituta. Lehentasunezkoa delako, zurekin egin nahi dugulako, azaroaren 20an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera gonbidatzen zaitugu.
KONPROMISOA: Aske eta berdinen Euskal Herria.
Nazio librea: erabakitzeko eskubidea eta askatasuna.
Nazio justua: aberastasunaren banaketa eta duintasuna.
Nazio feminista: eskubideak eta parekidetasuna.
Nazio ekologista: lurra eta bizitza.
Nazio antifaxista: demokrazia eta aniztasuna.
Nazio euskalduna: hizkuntza nazionala.
Nazio baketsua: presoen etxeratzea. Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak.
SUSTATZAILEAK
-Elena Bartolomé: Josu Muguruzaren bikotekidea. Administratiboa.
-Edurne Brouard. Santi Brouarden alaba. AEKko irakaslea.
-Izortze Santin. EHUko irakaslea eta ikertzailea.
-Xabi Garate “Seleta”. Zestapunta jokalari ohia eta “Conquis”eko parte hartzailea. Kooperatibista.
-Josu Zabala. Tubacexeko langilea.
-Juan Puerto. Pentsionista.
-Jose Mari Esparza. Editorea.
-Ibai Zabala. Irakaslea. Pilotari ohia.
-Oihana Azkorbebeitia. Mendi lasterketalaria. Albaitaria.
-Miren Amuriza. Bertsolaria.
-Joseba Sarrionandia. Idazlea.