AKTUALITATEA

| 2020-04-14

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak babesa eskatu dio gaur goizean Kongresuko presidenteari SUP sindikatu polizialak Jon Iñarritu diputatuaren aurkako mehatxu publikoak egin ostean sare sozialetan. Kongresuko Mahaiari zuzendutako idatzi baten bitartez, joan den apirilaren 12an taser pistola elektrikoen inguruko albiste baten harira gertatutakoa jakinarazi dio EH Bilduk Meritxell Batet presidenteari.

Jon Iñarritu diputatuari emandako erantzunean, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilen artean 1.200 taser pistola elektriko banatuko dituela zehaztu zuen Barne Ministerioak. Informazio hori baliatuta, arma horien erabilera lehen pertsonan ezagutzeko eta "ondorioak probatzeko" mehatxu egin zion SUP sindikatuak EH Bilduren diputatuari. Ondorengo txioa argitaratu zuten Twitter sare sozialean daukaten kontu ofizialean: "Jon Iñarritu diputatuak taser pistolen funtzionamendua eta horiek sor ditzaketen kalteak ezagutu nahi baditu, froga batean parte hartzeko gonbidapena egiten diogu pistola elektrikoen ondorioak zuzenean probatu ditzan, kazetari batek egin zuen bezala".

EH Bilduren arabera, onartezina da Iñarritu diputatuak mehatxuak jasotzea Espainiako Gobernuari taser pistola elektrikoen erabileraren inguruan azalpenak eskatu eta galdera parlamentarioak aurkezteagatik. Hori dela eta, EH Bilduk uste du ezinbestekoa dela Kongresuko presidenteak esku hartzea Jon Iñarrituk diputatu gisa dituen eskubideak urratuak izan ez daitezen. "Babesa eskatzen diogu presidenteari gertaera larri hauen inguruan beharrezko neurriak har ditzan", azaldu dute.

Grande-Marlaskaren agerraldia

Ezkerreko indar subiranistak "oso larritzat" jo du ordezkari publiko bati pistola elektroniko baten erabilerarekin mehatxu egitea, inpunitate osoz gainera. "Are gehiago mehatxua Espainiako Segurtasun Indarretatik badator. Mehatxuak are larriagoak dira", salatu dute.

EH Bilduk, ildo berean, Fernando Grande-Marlaska ministroaren agerraldia eskatu du Kongresuan, Segurtasun Indarretako kideen mehatxu publiko eta etengabeen aurrean Barne Ministerioak hartu dituen edo hartuko dituen neurrien berri emateko.