AKTUALITATEA

| 2024-09-15

EH Bilduren ordezkaritza batek Moreda Arabako mahats-bilketaren festan parte hartu du. Eba Blanco Legebiltzarreko lehendakariordeak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean eta nabarmendu du EH Bilduk «interes orokorra eta herri ikuspegia lehenesten dituzten politika publiko ausartak» aldarrikatuko dituela Eusko Legebiltzarreko kurtso politiko berrian.

«Bihar hasiko dira Legebiltzarrean Jaurlaritzako sailburuen agerraldiak. Otsailetik %100ean funtzionatzen ez duen parlamentu batez ari gara; Gobernutik, aldi berean, hitz eta asmo onak entzun ditugun. Hitz eta asmo on horiek ekintza eta politika zehatzetan gauzatzeko unea da orain. Izan ere, gobernu bat ezin da beste aldera begira jarri. Galderei erantzunak eman behar dizkie, eta arazoei irtenbideak eman. Horregatik eskatu dugu Emakundeko arduradunen agerraldia Legebiltzarrean, legegintzaldi honetarako Jaurlaritzaren berdintasun planak ezagutu ahal izateko», adierazi du Blancok. 

Halaber, gehitu duenez, «Lehendakaritzak berdintasun eskumenak bere gain hartuta, Pradales gobernuak Urkullurenari zuzenketa egiteagatik gure poza adierazi genuen. Orain, espero dugu zuzenketa hori kontuak ematean eta gobernantzan ere islatzea».

«Izan ere, aste honetan Getxokoa bezalako gertaerak ezagutu ditugu, non EAJ eta PSE buru dituen udal gobernuko ordezkarien kargu publiko batean eredugarritasuna eta estetika politikoa zalantzan dauden. Horrelako jarrerek aurre egin behar zaion herritarren desafekzioa elikatu besterik ez dute egiten, eta hori aurpegia emanez eta politika publiko ausartak eginez baino ez da lortzen», azpimarratu du legebiltzarkideak.