AKTUALITATEA

| 2023-05-24
Mertxe Aizpurua: “Zaratan eta lokatzetan sartu nahi izan gaituzten arren, EH Bildu izango da igandeko hauteskundeetan gehien haziko den indar politikoa”
 
Hauteskunde kanpaina honen azken txanpan sartu gara, eta, iragarri genizuen bezala, zarata eta lokatza izan da nagusi, nahiz eta herritarrek eguneroko arazoak konpontzeko proposamenak entzutea baino ez zuten espero. Ez gara lokatzetara sartu, eta ez dugu egingo. Gu saiatu gara zer egin dugun azaltzen, konponbideak eta politika egiteko gure modua mahai gainean jartzen. Irtenbide berriak eta lidergo berriak euskal herritarren arazoei aurre egiteko. Hori da gure proposamena eta praktika politikoa ulertzeko dugun modua.
 
Gaur ez dut kanpainari buruzko balantzerik egingo, baina gauza batzuk iragar ahal dizkizuet. Zaratan eta lokatzetan sartu nahi izan gaituzten arren, EH Bildu izango da igandeko hauteskundeetan gehien haziko den indar politikoa. Zinegotzi eta alkate kopuruan gora egingo dugu. Lehen indar munizipalista gisa finkatuko gara. Erabat konbentzituta nago bi gauzengatik: ilusioa ikusten dudalako zuen begietan, gure oinarrien indarra sentitu dudalako nagoen herri guztietan. Baina ez horregatik bakarrik: badakit nabarmen haziko garela, gainerako alderdi politikoek gutaz bakarrik hitz egiten dutelako. Zerbaitegatik izango da.
 
Bada beste faktore bat ere, gure hazkundean sinetsarazten didana. Eta Galdakaokoa esango dizuedanaren adibide ona da. EH Bilduk gobernatzen duen tokian, EH Bilduko alkate bat dagoen tokian, ezker subiranista hazi egiten da. Herritarrek EH Bilduko alkateak saritzen dituzte. Gobernatzeko duten moduagatik, erabakiak hartzen dituztenean herritarrak kontuan hartzeagatik, Europako abangoardian dauden politika publikoak egiteagatik, herritarrak eta beren arazoen konponbideak udal jardueraren erdigunean jartzeagatik. Enpatia, hurbiltasuna, zintzotasuna, apaltasuna, akordioak lortzeko gaitasuna Hori da gure politika egiteko modua. Horrek mugiarazten gaitu gure egunerokoan. Hemen Galdakaon, Madrilen eta Euskal Herriko erakunde guztietan.
 
 
Iker Casanova: “Maiatzaren 28an ezkerreko boto olatua egongo da EH Bilduren alde”
 
Kanpainak azken txanpa du, eta dagoeneko argi eta garbi esan dezakegu Bizkaian ezkerreko boto alternatibo bakarra EH Bilduren botoa dela. Izan ere, EH Bildu da Bizkaian ezkerreko gobernu bat izateko aukera bakarra. Lurralde aurrerakoi batean gobernu aurrerakoi bat gidatzeko bokazioa, gaitasuna eta aukera duen alderdi politiko bakarra da gurea. Besteek ezin dute, edo ez dute nahi edo EAJren makulu izatearekin konformatzen dira.
 
Gu alternatiba gara. Ez siglak aldatu nahi ditugulako, politikak aldatu nahi ditugulako baizik. Bizkaiak ezkerreko gobernua izan dezake eta merezi du, eta EH Bildu da horretarako aukera bakarra. Horregatik eskatzen dugu Bizkaian ezkerreko botoa EH Bildurena izatea.
 
Ikusten ari gara harresian erortzen ari direla, sektore berriak hurbiltzen ari direla EH Bildura. Atxikimendu berriak ikusten ari gara egunero, herriz herri ikusten ari gara. Maiatzaren 28an ezkerreko boto olatua egongo da EH Bilduren alde.
 
 
Iñigo Hernando: “Hau ez da bakarrik Galdakaora mugatuko. Eskualdean, Bizkaian eta Euskal Herrian hedatuko den olatu geldiezina izango baita domeka honetakoa”
 
Hau ez da bakarrik Galdakaora mugatuko. Eskualdean, Bizkaian eta Euskal Herrian hedatuko den olatu geldiezina izango baita domeka honetakoa. Instituzioetatik ere jendearen bizi kalitatea hobetzeko prest egongo garen pertsonaz osatutako olatua. Gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusten ari garelako. Eta argi daukagulako  Bizkaian ere gauzak aldatzen jarraituko dutela. Ez ahaztu: Bilboren sarreran gaude, hurbil gaude eta gero eta hurbilago egongo gara!