AKTUALITATEA

| 2026-09-18

EH Bilduren Legebiltzarreko buruak, Pello Otxandianok, Imanol Pradales lehendakariari adostasun politikoak eraikitzeko beharrezko baldintzak sortzea eskatu dio. ETB1eko Egun On saioan egin dioten elkarrizketan, atzoko politika orokorreko osoko bilkuraren biharamunean, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dituzten erronkei aurre egiteko akordioak ehuntzearen garrantzia azpimarratu du.

Otxandianoren esanetan, egungo testuingurua “oso konplexua” da eta gizarteak erreferentzia komun sendoak behar ditu. Horren harira, Jose Antonio Agirre lehen lehendakaria batasunerako sinbolo izan daitekeela adierazi du. “Halako momentuetan behar ditugu batzen gaituzten sinbolo eta erreferentzia komunak. Eta uste dut Agirre lehendakari izan daitekeela bat”, adierazi du.

EH Bilduko ordezkariak azaldu du legegintzaldi honetan hainbat proposamen egin dituela eta azkena Pradalesekin izandako aldebiko bileran aurkeztu zuela. Bertan, zazpi neurri zehatz proposatu zizkiola gogorarazi du. Bere ustez, neurri horiek martxan jarriz gero, herri hau, hiru herrialdeetan behintzat, “beste leku batean” kokatuko litzateke etorkizunari aurre egiteko. Horregatik, lehendakariari dagokiola “moduak jarri eta baldintzak sortzea” defendatu du, adostasunak eraiki ahal izateko.

Estatus politiko berriaren inguruko negoziazioari buruz ere hitz egin du Otxandianok. Bere esanetan, prozesua azken fasean dago eta legegintzaldi honetan bertan akordioa lortzeko aukera dago oraindik. Hala ere, ohartarazi du hauteskundeak deitzen direnean negoziazio-bide hori eten egin daitekeela. Horregatik, indar politikoei lanean jarraitzeko deia egin die, zabalik dauden auzi nagusiak lehenbailehen ixteko.

Bestalde, EH Bilduk ez duela partekatzen gai sozialen eta identitarioen arteko bereizketa nabarmendu du, modu horretan Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiari erantzunez. Otxandianoren iritziz, kohesio soziala, ongizatea eta identitatea elkarren osagarriak dira, eta ezin dira bereizita ulertu. Haren hitzetan, berdintasuna eta ongizatea eraikitzeko politikek ere identitate kolektiboan eragina dute.

Arlo ekonomikoari dagokionez, industria, energia eta elikadura bezalako sektoreetan “kilometro 0ko” politika publikoen alde agertu da. Era berean, komunitate politiko gisa autogobernua indartzea eta gaitasun berriak eskuratzea etorkizunari begirako inbertsio estrategikotzat jo du.

Azkenik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dituzten erronka nagusiei erreparatu die. Hezkuntzan PISA txostenaren emaitzek piztutako kezka, etxebizitzaren arazoa, industriaren etorkizunari lotutako zalantzak eta hizkuntza politikaren inguruko eztabaidak aipatu ditu. Otxandianoren ustez, gai horiek guztiek premiazko erantzunak behar dituzte, eta ez lirateke hauteskunde-ziklo etengabe baten menpe geratu behar.

“Sanchezek botoia sakatzen duenean, dena bihur daiteke karrera elektoral huts bat, eta hori akats larria litzateke”, ohartarazi du.