AKTUALITATEA

| 2021-11-16

Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak eta Onintze Oleaga EH Bilduko udalgintzako arduradunak agerraldia egin dute gaur, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Administrazioaren Legeari aurkeztutako emendakinak salatzeko. Izan ere, emendakin horren bitartez Jaurlaritzak gaitasuna izango du, interes orokorraren izenean, udalei proiektu zehatzak inposatzeko.

Testua osorik:

Atzo Arantxa Tapiak Glasgowko goi-bilera historikotzat jo zuen, akordioa perfektua ez izan arren. Baina egoera honetan ez dago mezu baikor eta triunfalistarik bidaltzerik. Hemendik kanpo inork ez du egin: ez nazioarteko liderrek, ez nazioarteko prentsak, eta are gutxiago nazioarteko komunitate zientifikoak. Glasgowko gailurra historikotzat jotzetik urrun dagoelako.

Gizarte modernoek inoiz izan duten erronkarik handienaren aurrean gaude. Eta horrelako testuinguru batean, lidergo instituzionalak zorroztasun zientifikoan oinarritu behar du. Hurrengo belaunaldiak testuinguru historiko erabakigarrian epaituko du gure eginbidea.
Glasgowko gailurrak argi baino itzal gehiago uzten ditu:

Arintze-planen batuketak 2,7ºC-ko tenperatura-igoeran uzten gaitu, 1,5ºC-tik oso urrun, nahiz eta dokumentuak bigarren helburu hau nabarmentzen duen.
Konpromiso errealak behar ditugu, ez soilik adierazpenak. Gobernuek adostutako planekn batuketak urrun uzten gaituzte Parisko Akordioaren helburuetatik.

Beste behin ere, bere tesiak inposatzen dituzten erregai fosilen lobbyaren eragina egiaztatu da. Ondorioz dira beharrezko konpromisoak iristen, eta bitartean denbora agortzen ari da. Neurri eraginkorrik gabe pasatzen den egun bakoitzeko klima-aldaketa katastrofikoa gertatzeko aukera errealagoa da. Eta hori saihesteko, ez da nahikoa 2050erako 0 emisio garbiekin konprometitzea; aitzitik, hamarkada honen bukaerarako emisioen erdia murriztea lortu behar dugu. 9 urte besterik ez dira falta.

Oso erronka handia da, eta egoera honetan ezin dezakegu egoera kontrolpean dagoela irudikatu, Euskal Autonomia Erkidegoan ez baitugu klimaren helburuak eskatutako epeetan lortzeko inolako ibilbide-orririk ere.

Euskal Autonomia Erkidegoak ez du klimaren neutraltasunerako bidea egiteko plangintza kongruenterik. Indarrean dauden plan klimatikoak eta energetikoak Parisko Akordioa baino lehenagokoak dira, eta planteatzen duten anbizio klimatikoa zuzenean aplikatzekoak diren Europar Batasuneko erregelamenduen oso azpitik geratzen da. Urkulluren agintaldian ia 0 murriztu dira berotegi-efektuko gasak, eta iragan hurbilean egindako apustu estrategiko okerren ondorioz, energia berriztagarrien garapena erabat eskasa da.

Inprobisazioa da nagusi, egoera kontrolpean dagoela simulatuz, kontrolpean ez dagoenean. Ez dago klima-aldaketaren kontrako ekintzekin zerikusia duten politika sektorialak koordinatzeko arau-esparrurik (ez Klima Aldaketari ezta Trantsizio Energetikoari buruzko Legerik), eta egoera honetan gainera, EJ osatzen duten alderdiek Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legea aldatzeko saiakera abiatu dute Ingurumen Administrazioaren Legeari zuzenketa bat eginez.

Zer da honekin lortu nahi dutena? Zer da Gobernu honek buruan duena? Maniobra honen aurrean sortzen zaigun zalantza da hori. Lurralde antolamenduaren Legearen aldaketa honela egitea gauzak atzeko atetik egitea da. Gure lurralde ordenamendu politiketan erakunde-sistemaren joko-arauak aldatzea suposatzen du, eta, batez ere, leku jakin batzuetan zenbait proiektu inposatzeko atea zabaltzea.
Lege baten tramitazioa baliatu nahi dute gure sistema instituzional konplexuaren eskumen-banaketa arautzen duen beste lege bat aldatzeko, eta, gainera, toki-erakundeei galdetu ere egin gabe, horiek baitira erakunde kaltetuenak.

Bigarrenik, horrek euskal gizartearen aniztasun politikoaren aurka egiten du. Izan ere, Gobernuko alderdiek gehiengo absoluturik ez duten lekuetan azpiegiturak inposatzea da aldaketa honen helburua.

EAJk eta PSEk Lurralde Antolamenduari buruz egin nahi duten legearen aldaketaren bidez, Goi-mailako Interes Publikoko Proiektuen figura sortu nahi dute. Proiektu horiek, behin interes goreneko aitortuta, hirigintzako eta lurralde-antolamenduko gainerako erregulazioen gainetik jarriko dira. Hau da, Eusko Jaurlaritzak aldebakarreko moduan egingo duen deklarazio batek, erakunde eskudunek eta legitimoek hartutako erabakiak baliogabetzea edo de facto deuseztatzea ekarriko du.

Hirigintza-eskumena da udalek betetzen duten eginkizun garrantzitsuenetako bat, batetik, udalerriaren etorkizuna antolatzeko eta eraikitzeko, eta, bestetik, udalerriaren lurraldea eta biztanleen ongizatea babesteko. Lurralde Antolakuntzari buruzko Legea aldatzeko asmoak, zalantzarik gabe, tokiko demokrazia murriztea dakar; izan ere, udalerrian herritarren parte-hartzearen bidez erabakitakoa baliogabetuko ditu.

Klima- neutraltasunerako trantsizioa prozesu konplexu bat da, gure lurraldean eragin nabarmena izango du eta erabaki handiak hartzera behartuko gaitu; eta hau ezin da egin, modu bertikalean, agintekeriarekin, herritarren iritzia alde batera utzita. Bide okerra da. Gobernantza kolaboratiboaren ezinbestekoa da. Erronka klimatikoa erronka demokratikoa ere bada, eta lankidetzan gauzatu behar dena, logika autoritarioetatik urrun.

Bestela ez da eraginkorra izango. Tokiko erakundeen irizpidearen aurka azpiegiturak inposatzen badira, trantsizio klimatikoko erabakiak tokiko komunitateen borondate demokratikoaren kontra hartzen badira, ezinbestean, gizarte-gatazkak sortuko dira, klima-ekintzen ezarpena oztopatu eta atzeratuko duten egoerak sortuko dira. Gobernantza eredu ireki eta kolaboratiboak ezinbestekoak dira.

Horregatik guztiagatik, EAJri eta PSEri eskatzen diegu zuzenketa egiteko, Ingurumen Administrazioaren Legearen 61. zuzenketa kentzeko, udalak eta herritarrak alde batera ez uzteko.