Iker Casanova:
Autoritarismoaren eta eskuin muturraren hazkunde globalaren atzean dagoen arrazoietako bat da herritarrek erakundeengan duten konfiantza galdu dutela. Erakundeek herritarrei eskaini beharreko konponbideak ez dituzte ikusten, eta, gainera, erakunde horien kudeaketa ez delako gauzatzen behar den eredugarritasunetik. Zoritxarrez, azken asteetan hainbat kasu izan ditugu Bizkaian, eta kasu horietan kudeaketa instituzionala gorde beharreko eredugarritasun horretatik asko urrundu da. Getxoko Udalaren erregistro poliziala bezalako gertaerak ikusi ditugu, jauregi historiko baten eraispenean egindako irregulartasunen harira. Baina, zoritxarrez, baditugu beste kasu asko gure inguruan kudeaketa txarrekoak: ate birakariak, instituzioetatik praktika txarrak.
Ezkerraldean aurrekonturik gabe dauzkagu 4 udal, gobernuek horretarako gehiengoa duten arren. Alonsotegiko Udalak zailtasunak ditu aurreko udal gobernuak bidegabeki erabili zuen diru-laguntza itzuli behar duelako. Santurtziko lan eskaintza publiko baterako azterketa baten ustezko filtrazioa dugu. Ate birakariak, Josu Jon Imaz edo Unai Rementeriarenak bezala, edo proposamen inposatzaileak, Guggenheim proiektuaren porrotarekin gertatu zen bezala.
Horregatik guztiagatik, enpatia eta ulermen mezua helarazi behar zaie herritarrei. Ulertzen dugu bizkaitarren harridura eta ezinegona, ikusten dutelako erakundeetatik ez dela behar bezalako eredugarritasunarekin kudeatzen. Gainera, askotan jarrerak eta gobernatzeko moduak ez dira egokiak, eta zerikusirik ez dute aldarrikatzen den gobernantza ireki, demokratiko, garden eta eredugarriarekin. Eta, harridura hori partekatuz eta enpatiatik, bestelako kudeaketa eredua aldarrikatzen dugu EH Bildutik: herritarren beharrak erdigunean jarriko dituena eta jendea kezkatzen duten arazoak etengabe konpontzea bilatuko duena.
EH Bilduren ibilbidea aldarrikatzen dugu, 0 ustelkeria-kasurekin, nahiz eta herri honetan erakunde asko gobernatu. Jendearengatik eta jendearentzat gobernatzen dugu, etxebizitzaren arazoari, bizitzaren garestitasunari eta zerbitzu publikoen babesari eta hobekuntzari konponbideak bilatzea gure jarduera politikoaren erdigunean jarriz. Eredugarritasunaren bermea gara, eta gobernantza-ereduaren alternatiba.