AKTUALITATEA

| 2026-09-07

Euskal Diasporaren Eguna dela eta, EH Bilduk mundu osoan zehar bizi diren euskal herritarrei aitortza eta esker ona adierazi dizkie, Euskal Herriaren nortasuna, kultura eta komunitate-sarea bizirik mantentzeko egiten duten lanagatik.

Ezker subiranistak nabarmendu du Euskal Herria historikoki herri migratzailea izan dela, eta gaur egun ere milaka euskal herritar bizi direla atzerrian. Horien guztien ekarpena funtsezkotzat jo du, gure herriaren errealitatea eta balioak munduan zehar zabaltzen laguntzen dutelako.

Beñat Azkargorta EH Bilduren Diaspora idazkariak azpimarratu du diasporak zubi-lana egiten duela Euskal Herriaren eta munduko herrialde askoren artean. “Gure diaspora gure herriaren parte da, eta askotan Euskal Herriaren enbaxadorerik onenak dira. Munduko txoko askotan gure kultura, hizkuntza eta nortasuna bizirik mantentzen dituzte, belaunaldiz belaunaldi transmitituz”, adierazi du.

Era berean, Azkargortak gogorarazi du euskal diasporaren historia erbestearekin, gerraren ondorioekin eta arrazoi ekonomikoek eragindako migrazioekin lotuta dagoela. “Gaur egun ere, garrantzitsua da herritik urrun bizi diren euskaldunen ekarpena aitortzea eta haiekin harremanak sendotzea. Euskal Herria ezin da ulertu bere diaspora kontuan hartu gabe”, esan du.

EH Bilduk bereziki eskertu nahi izan die gerrak, errepresioak edo arrazoi sozioekonomikoek bultzatuta Euskal Herritik kanpora joan behar izan zuten herritarrei eta haien ondorengoei, urteetan zehar euskal nortasuna eta komunitatearen loturak bizirik mantentzeko egindako ahalegina.

Azkenik, berretsi du diaspora aktibo eta antolatu baten alde lanean jarraituko duela. Azkargortaren hitzetan, “munduan zehar sakabanatuta egon arren, herri bera gara. Euskal diaspora bizirik mantentzea eta haren parte-hartzea sustatzea ezinbestekoa da etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko”.