AKTUALITATEA

Hezkuntza | 2026-09-08

EH Bilduk kezka agertu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleek azken PISA Txostenean lortutako emaitzengatik eta Eusko Jaurlaritzari egotzi dio egoeraren ardura, euskal hezkuntza sistema eraldatzeko adostutako neurriak garatu ez dituela iritzita.

Ikoitz Arrese Hezkuntza idazkari eta legebiltzarkideak deitoratu egin du nazioarteko ebaluazioan orain arte izandako emaitzarik txarrenak, eta kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak erakutsi duten autokritika falta.

"Gure kezka adierazi nahi dugu PISAk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inoiz izan dituen emaitzarik txarrenen aurrean eta Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza sailburuak egoera kezkagarri honen aurrean erakutsi duten autokritika ezaren aurrean", adierazi du Arresek.

Gogoratu duenez, 2022an euskal hezkuntza sistema eraldatzeko oinarrien inguruko akordioa lortu zuten indar parlamentario guztien babesarekin, PP eta Vox izan ezik. Hala ere, uste du Eusko Jaurlaritza ez dela gai izan azken urteetan itun horretan jasotako neurriak garatzeko eta ezartzeko.

Arreseren hitzetan, "ulertezina da 2022an euskal hezkuntza sistema eraldatzeko oinarrien inguruan akordio bat lortzeko gai izatea indar politiko guztiek, PPk eta Voxek izan ezik, eta, azken lau urteetan, Eusko Jaurlaritza ez dela gai izan hezkuntza akordio hori inplementatzeko".

Hori dela eta, euskal hezkuntzaren egungo egoeraren eta PISA txostenean lortutako emaitzen erantzukizuna Eusko Jaurlaritzari dagokiola uste du ezker subiranistak. "Euskal hezkuntza sistemaren egungo egoeraren eta, zehazki, PISAn lortutako emaitzen erantzukizun zuzena Eusko Jaurlaritzak erakutsitako ezintasun nabarmenarena da", esan du Arresek.