Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko buruak zazpi mugimendu eta akordio politiko bat proposatuko dizkio bihar Imanol Pradales lehendakariari, biek Lehendakaritzan egingo duten bileran. Herri honek dituen erronka nagusiei erantzuteko eta adostasun zabalak sustatzeko helburuarekin egingo du porposamen hori. Hala iragarri du Pello Otxandianok, biharko bileraren atarian.
Otxandianok azaldu du egungo testuingurua "orainaldi konplexua eta etorkizun ziurgabea" dela, eta horren adibidetzat jo ditu ultraeskuinaren gorakada, klima larrialdia, iraultza teknologikoa, gerrak eta migrazio krisia.
Bere esanetan, indar politikoek proiektu desberdinak izan arren, lankidetzarako espazioak badaude zenbait arlotan, eta elkarlan hori ezinbestekoa da gaur egungo erronkei aurre egiteko. Haren ustez, gehiengo osoa duen gobernu batek ere ez ditu gai horiek bakarrik konpondu ahal, eta, horregatik, beharrezkoa da gaitasun instituzionalak eta komunitarioak batzea.
Otxandianok nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoeneko eraiki direla oinarrizko adostasun batzuk gai estrategiko jakin batzuetan, eta horrek etorkizuneko akordioetarako oinarri sendoa eskaintzen duela defendatu du.
PISA TXOSTENA
Era berean, adierazi du gero eta zabalduago dagoela gaur egun aplikatzen diren politikek ez dutela behar adinako aurrerapenik ekartzen. Horren adibide gisa aipatu ditu asteazken honetan ezagutu diren PISA txostenaren emaitzak, bere ustez bestelako politika publikoen beharra agerian uzten dutenak. “Egiten ari garena eginda, ez dugu aurrera egingo”, azpimarratu du.
Horren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko beharra aldarrikatu du, eta epe luzeko eraldaketa prozesu koherenteak martxan jartzea eskatu du. Haren esanetan, aldaketa sakonen garai honetan geldotasuna, konformismoa edo egungo egoerari eustea ez dira aukera errealistak.
EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak defendatu du, halaber, bloke erreakzionarioa albo batera utzita, gehiengo zabalak daudela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeetan akordioak lortzeko. Gainera, indar politikoen artean gutxieneko kultura politiko partekatua badagoela azpimarratu du.
Testuinguru horretan, Otxandianoren iritziz, ez dago aitzakiarik adostasunen bidean aurrera ez egiteko, eta alderdien logika elektoralistetatik harago kokatuko diren lidergo partekatuak behar direla defendatu du.
Azkenik, EH Bilduk urte politiko honetarako zazpi mugimendu eta akordio politiko bat proposatuko dizkiola lehendakariari berretsi du. Koalizioaren ustez, neurri horiek gauzatuz gero, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa egoera hobean egongo lirateke etorkizuneko erronkei berme handiagoekin aurre egiteko.