AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-04-26

Lege-proiektua Legebiltzarrera igorrita, prozesu honen azken fasean sartzen gara. Prozesua bukatzerako bi urte eta erdiko ibilbidea egingo dugu. Gabezia eta gora-behera askorekin baina hiru probintziotan euskal hezkuntzaren etorkizunaz asko hitz egin da, modu askotan eta foro ezberdinetan.

Eta eztabaida aberasteko bide berriak irekitzen ari dira. Balioan jarri nahi dugu pasa den astean iragarri zen mahai sindikala, zeinean hezkuntza-sistemako lan-baldintzez gain, Hezkuntza Akordioan jasotako gaiak ere landuko diren. Duela aste gutxi Eusko Ikaskuntzak segregazioari nola erantzun aztertzeko egindako jardunaldiak ere emankorrak izan ziren.

Gure partetik, azken hilabete eta asteetan lanean jardun dugu. Zuzeneko harremanak izan ditugu hezkuntza eragileekin eta hezkuntza-jarduerarekin zerikusia duten eragile askotarikoekin. Zuzeneko harremanetan izan gara, baita ere, Gobernuarekin.

Irailean ezagutu zen lege-zirriborroari kritika egin genion. Esan genuen zer hobetu bazegoela, funtsezko gauzak faltan ikusten genituela, eta Hezkuntza Akordioaren letra eta izpiritua jasoko zukeen lege-testua behar genuela.

Bada, atzo onartu zen lege-proiektuan aldaketa funtsezkoak ikusten ditugu norabide onean:

  • Euskal Hezkuntza Zerbitzua arautu da, Hezkuntza Akordioan jaso bezala: Ikastetxeek diru publikoa jasotzearen truke zer baldintza bete behar dituzten.
  • Segregazioaren kontrako eta inklusioaren aldeko neurri funtsezkoak gehitu dira.
  • Doakotasun errealera iristeko neurri zehatzak jaso dira.
  • Hizkuntzaren atala zehaztu eta hobetu egin da.

Irakurketa xeheagoetan sartu aurretik, gelditu eta begirada altxatzeko momentua dela deritzogu. Behin baino gehiagotan esan dugu baina gaur, berriro ere, berretsi egin nahi dugu: uste dugu aukera historiko baten aurrean gaudela hiru probintziotan euskal hezkuntzaren eraikuntzan jauzi bat emateko: euskal hezkuntzagintzaren fase berri bat irekitzeko.

Nola irudikatzen dugu guk eraldaketa hau? Hezkuntza-tradizio bakoitzaren onena jasoz. Labur esanda, ikastolen gaitasun autoeratzailea eta eskola publikoaren sen berdinzalea uztartuko dituen sistemaren eraldaketa. Jauzia emateko momentua da, sistema bere osotasunean eraldatuz. Izan ere, egiten ari garena egiten jarraituz ez dugu aurrera egingo.

Eta uste dugu lege-proiektu honetan nahikoa oinarri badagoela eztabaida parlamentarioari ekin eta legegintzaldi honetan lege on batera iristeko. Noski, EH Bilduk bere emendakinak aurkeztuko ditu, zer hobetu ikusten dugulako eta helburua, beti ere, legerik onena lortzea delako.

Aste honetan bertan irakurketa luze bat egingo dugu publiko, baina gako batzuk emate aldera:

 

  • Euskal Hezkuntza Zerbitzua ondo definituta, bat-egitearen hautua argi gelditzen da. Interes soziala edo balio publikoarekiko konpomisoa adierazten duten ikastetxeek osatzen dute Euskal Hezkuntza Zerbitzua. Bete beharreko baldintzak argi adierazten dira, eta beraz, eskubide eta betebehar berdinen arabera jardungo duten ikastetxeek osatutako sistema irudikatzen da. Tradizio ezberdinen bat-egitea baina joko-arau argien baitan.

 

  • Inklusioaren aldeko neurri gakoak jasota gelditzen dira: Besteak beste, eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka gordetzea, eragin-eremu bakoitzeko ikastetxeei zaurgarritasun-indize bera esleitzea eta hori erdiesteko ikasleen sarbidea arautzea. Gaur, lege-proiektua eta onarpen dekretua eskutan, esan dezakegu, 2018an aurkeztu zen Eskola Inklusiboaren aldeko Herri Ekimen Legegilean jasotzen den puntu bakoitza araubide dela.

 

Garaipen bat da honako hau. Dena dago egiteke, bai. Baina aintzat hartu behar dugu orain bost urte eskas baztertu zena gaur araubide dela, eta hori eskola publikoaren aldeko eragileen garaipena da neurri handian, izan ere, beraiek izan dira segregazioaren arazoa lehen lerrora ekarri dutenak eta hezkuntza-eztabaidaren erdigunean kokatu dutenak.

 

  • Eta hizkuntzen ikaskuntzari dagokionez, lege-proiektu honek gainditu egiten ditu hizkuntza-ereduak eta hizkuntza-politikaren paradigma berri batean kokatzen gaitu, zeinaren helburua den euskaldun eleaniztunak sortzea, eskolak hiztun osoak sortzeko duen ahalmenaren mugak esploratuz.

 

Gernikako Estatutuaren 6.2 artikuluan eta Euskararen Legearen 17. artikuluan helburu bezala ezartzen da Eusko Jaurlaritzak bi hizkuntzen ezagutza ziurtatzeko beharrezko neurriak eta medioak baliaraziko dituela. 30 urteko esperientziaren ondoren, helburu hau betetzeko planteamendu berri batera jauzi egiten da: Euskara ardatz duen Esparru Eleaniztuna.

 

Begi onez ikusten dugu legearen zioetan euskara egoera minoritario eta minorizatuan dagoela gehitu izana, euskararen ikaskuntza euskal kulturaren transmisioarekin lotzea eta ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak ebaluatzeko araubidea garatzeko betebeharra jaso izana.

 

Bestalde, hutsune nabarmen bat ikusten diogu lege-proiektuari: zioen azalpenean egiten den errelato politikoa kamutsa dela deritzogu. Euskal Herria falta da. Erronka sozialak ondo deskribatzen dira baina erronka horiei aurre egin behar dien komunitate politikoaren definizioa falta da. 2004ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea edota 2016ko Udal Legea hartzen baditugu erreferentziatzat, begi bistakoa da zer hobetu asko dagoela zentzu honetan. Bestalde, uste dugu, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legea adostasun sozial eta politiko zabalean onartu zela esatea ez datorrela bat herri honetan gertatu denarekin. Iraganaren gaineko irakurketa partekatu baten alde egiten dugu, sentsibilitate ezberdinak bilduko dituena.

Guztiarekin, esan nahi dugu galtzen utzi ezin dezakegun aukera baten aurrean gaudela. Hilabete luzeetako lana dugu aurretik legea onartu bitarte. EH Bilduk bere emendakinak aurkeztuko ditu, eta gainontzeko alderdi eta eragileekin adostasunetara iristeko prestutasun osoa adierazten dugu.

Estatu-itun baten aukeraren aurrean gaude herri honetako zati batean. Hiru probintziez ari gara baina estrategikoa zaigun herri-eraikuntzaren arlo batean. Transzendentzia politiko handiko prozesua da honako hau termino nazionaletan, beste herrialdeentzat ere bide-erakusle izan daitekeena.

Ardura dugu guztiok prozesua ondo bukatu dadin. Gure partetik, gure onena ematen saiatuko gara, orain arte bezala.