Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzarkide taldeek bilera egin dute, gaur goizean, Donostian, hiru batzar nagusietan EAJk eta PSEk aurkeztu duten zerga errebisioa aztertzeko. Unai Urruzuno EH Bilduren politika instituzionaleko arduradunak agerraldia egin du.
Unai Urruzuno:
EH Bilduren aburuz, zerga erreforma sakon baterako unea da. 2007. urtean egin zen zerga erreformaren antzekoa egiteko garaia da, baina hartatik alderatuz, kontrako norabidean egin behar da. Garai hartan egindakoa erregresiboa zen, orduan nagusi zen ideologia neoliberalari jarraituz. Ordutik, egokitzapen batzuk egin zaizkio. Orain indarrean dagoena ez da justua. Garaia da zerga erreforma sakon baterako eta sakontasuneko norabide aldaketa bat egiteko.
Fiskalitatearen helburua izan behar da zerga bilketa handitzea, horrek bermatuko duelako baliabideak izatea herri bezala ditugun erronkei aurre egin ahal izateko.
EH Bildu oso kritikoa da EAJ-PSEk aurkeztu duten berrikuspen fiskalarekin. Proposatzen duenarengatik, baina batik bat proposatzen ez duenagatik. Kenkarien zerrenda bat baino ez dute aurkeztu. Proposatzen ez diren horietan egon beharko litzateke egiazko eztabaida fiskala. Kapital errentei eta aberastasun handiei ez die inolako aipurik egiten zerga errebisio honek.
EH Bildu dago uztailean EAJrekin eta PSErekin Gipuzkoako Batzar Nagusietan itxi zuen aurre-akordioan. Foru-Arauan ez daude aurre-akordioan jasotako puntu estrategikoenak eta inportanteenak. Zergatik kendu dituzte EAJk eta PSEk?
Herritarrei inoiz baino babes eta segurtasun handiagoa emateko garaia da. Diru-bilketa jaisten denean, horrek murrizketak ekartzen ditu. Politika fiskal bera mantentzeak iradokitzen digu zaintzan, trantsizio energetikoan eta bestelakoetan antzeko politikekin jarraituko duela EAJk eta PSEk. Politika fiskal bera mantentzeak suposatzen du gazte emantzipazio, etxebizitza edo trantsizio energetikoan politika berak mantentzea, eta hori ezin dugu onartu.
EH Bilduk planteatzen du zerga pribilejioekin amaituko duen zerga-sistemari ibilbidea egiten hastea. Pribilejio horiek erortzen direlako gehien dutenen aldera. Presio fiskalaz ere hitz egin behar da; EAEko presio fiskala Espainiakoaren eta Europako bataz bestekoen azpitik dago. Kapital errenten tipoak igotzea ekarriko duen erreforma egin behar da, lan errentetara hurbiltzeko. Elkarteen zerrendetan, minimoa zehaztu behar da eta hori gauzatu behar da.
Herritarrei laguntzeko modurik eraginkorrena zerbitzu publikoak bermatuko dituen politika fiskala ezartzea da. Danimarka eredu bat da, eta Ayusoren Madril beste bat da. Gu gora begira gaude eta EAJ eta PSE behera daude. Zerbitzu publikoei kalte egingo dien planteamenduan ez da egongo da EH Bildu.