AKTUALITATEA

| 2025-10-30

Euskalerria Irratiko mikrofonoetan elkarrizketatu dute Pernando Barrena Europako Parlamentuko EH Bilduren bozeramailea eta Palestinako egoera eta bake planaren mugak izan dituzte hizpide. «Genozidio baten testuinguruan, bake plana oso ahula da: hildakoak daude egunero eta hiltzaileak dio su-etenari eusten diola», adierazi du europarlamentariak, Israelen urratzeei erreferentzia eginez. «Bitartean Europa ez da gai ezer efektiborik egiteko, eskuduntza faltagatik, menpekotasunagatik eta konplexuz beteriko posizioagatik», gehitu du. 

Europaren posizioen hildora, kontinenteak duen burujabetzaren beharra nabarmendu du Barrenak. «Europa iristen ari da autonomia estrategikoaren kontzeptura oso berandu: lidergo politiko eta militarra NATOren eskuetan utzi zutelako eta garapen teknologikoan Txinak gainetik pasatu dituelako», esan du. 

Halaber, euskara europan ofizial izateko ekimenez galdetuta, bozeramaileak azaldu duenez, «bi bide daude irekita euskarak Europako Parlamentuan presentzia izan dezan eta bietan daude zailtasunak, Espainiako Alderdi Popularraren kontrako presioengatik». «EH Bildutik lanean jarraituko dugu euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizial izateko», berretsi du europarlamentariak.