AKTUALITATEA

| 2024-01-21

Gazteei etxebizitzarako sarbidea errazteko Galdakaoko Udalak abian daukan proiektuaren obren ondoan agerraldia egin dute, gaur goizean, Oihana Etxebarrieta EH Bilduko hauteskunde kanpainako bozeramaileak eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.

OIHANA ETXEBARRIETA

Etxebizitzarena lehen mailako arazoa da gure herrian, eta erakundeek ez dira ari arazo honek eskatzen duen bizkortasunarekin eta zorroztasunarekin erantzuten. Denok ezagutzen ditugu etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonak. Gazteen kasuan, arazoa are larriagoa da.

Aste honetan bertan jakin dugu euskal gazteek zailtasun handiak dituztela emantzipatzeko. Alokairuen kasuan, soldata ia osoa erabili beharko lukete alokairua ordaintzeko. Gure herriko alokairuen batez besteko prezioa 942 eurokoa den bitartean, euskal gazteen batez besteko soldata 1.005 eurokoa da hilean. Errealitate horren aurrean ezin ditugu begiak itxi. Etxebizitza erosteari dagokionez, EAEko gazteek soldataren 4,5 urte oso erabili behar dituzte etxebizitza erosteko sarrera ordaintzeko. Zein gazte emantzipatu daiteke baldintza horietan?

EH Bilduk lehentasun osoa ematen dio etxebizitzaren arazoari. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da. EH Bilduk Etxebizitza Legea bultzatu eta adostu du Madrilen. Orain, euskal erakundeek badituzte tresnak dituzte konponbideak bilatzen hasteko. Ezker independentistak gobernatzen dituen udalak, legeak ezarritako baldintzak betetzen direnean, Eusko Jaurlaritzari eskatuko diogu gune tentsionatuak izendatzeko, alokairuen prezioa mugatzeko. Eta gobernatzen ez dugun lekuetan, udalak eskaera hori Gobernuari aurkez diezaiola eskatuko dugu.

Baina ez gara horrekin konformatzen. Hemen, Galdakaon, Iñigo Hernando alkateak geroago azalduko dizuen proiektu bat bultzatu dugu, udalerriko gazteei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko. Udalak 42 etxebizitza emango dizkio Galdakaori 34 urtetik beherakoentzat, eta alokairuak ez dira inola ere 300 eurotik gorakoak izango.

Hori da herritarren arazoak konpontzeko modua, etxebizitzarako sarbidea erraztekoa, adibidez. Arazoei aurrea hartzea, ekimena izatea eta modu koordinatuan lan egitea. Etxebizitzaren arazoari irtenbideak bilatzeko orduan ere, EAJren eta PSEren Eusko Jaurlaritza berandu eta gaizki doa. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, irtenbide berriak bilatzekoa. Ekiteko garaia da, EH Bildu Galdakaoko Udaletik egiten ari den bezala, euskal gazteek ezin dutelako itxaron.

 

IÑIGO HERNANDO ARRIANDIAGA

Oihanak esan duen bezala, etxebizitzarena gizartean dugun egiturazko arazoetako bat da. Eta horri aurre egiteko, denon arteko elkarlana ezinbestekoa da. Maila ezberdinetan neurriak har daitezke, eta, nola ez, Udalok berebiziko garrantzi eta ardura daukagu arazoari irtenbideak ematen joateko. Erakunderik hurbilenak gara, eta herrietako errealitateak ondoen ezagutzen ditugunak.

EH Bildun udalgintzaren zutabetzat ulertzen ditugu etxebizitza politikak. Ez soilik adreiluan oinarritutako hirigintza, baizik eta jendearen beharrei erantzun behar dizkien proiektuetan ardazturikoa. Hori guztia gauzatzeko, udalok baliabideak jarri behar ditugu, arlo teknikoaren lana horretara bideratzetik hasita. Eta horretan ari gara Galdakaon. Udal gobernura heldu bezain laster existitzen ez zen etxebizitza teknikari lanpostua sortu genuen, etxebizitza politikak aurrera eramateko.

Alde batetik, gizarte larrialdietarako etxebizitza kopurua bost aldiz handitu dugu legealdi batean, 3 etxebizitzatik 15era pasatuta, etxebizitza hutsen inguruko azterketa egin dugu eta etxebizitza aholkularitza bulegoa martxan jarri dugu. Bestetik, 2019an gobernura heldu ginenean argi genuen alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak sortu behar genituela, Galdakaon ez baitzegoen mota honetako etxebizitzarik herri osoan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin harremanetan jarri ginen eta, elkarlanaren bidez, zuzkidura bizitokien proiektua aurrera eraman dugu.

Proiektu horri esker, herriko gazteentzat alokairu baxuko 42 etxebizitza eraiki ditugu, guraso bakarreko familientzat 16 eta mugikortasun urriko pertsonentzat beste 2. Etxebizitzak ez dira zozketa bidez esleituko, baizik eta, beste baldintza batzuen artean, izena eman duten pertsonen errenta baxuenetatik hasita esleituko dira. Hau da, gehien behar dutenetik hasita. Bai emantzipaziorako lehen aukera izateko, bai egoera zailetan dauden familientzat lagungarri izateko. Alokairua, esleitutako etxebizitzaren gela kopuruaren arabera, 250 eta 350 ingurukoa izango da, bost urtean zehar bizitza proiektu ezberdinen oinarriak jarri ahal izateko.

Asko dugu egiteko etxebizitzaren alorrean, baina bidea zein den argi daukagu: Udaletatik bultzatutako hirigintza politikak pertsonengan zentratuta egotea.