AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-04-11

Eraitz Saez de Egilaz Gipuzkoako hautagaiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek emantzipatzeko dituzten arazoetan ipini du gaur azpimarra, eta politika publiko ausartak abian jartzeko beharra azpimarratu, gaur egun, urteetako politika okerren ondorioz, gazteria pairatzen ari den egoera irauli ahal izateko. Saez de Egilazek Agurainen parte hartu du kanpainako ekitaldi batean, bertako alkate Raul Lopez de Uralderekin batera.

Saez de Egilazek aldaketa baten ezinbestekotasuna aldarrikatu du: “Aldaketa ez da etorriko beste une baten zain bagaude. Zain egon garenak gara, gure patua hartzen ditugun erabakiekin idazten dugunak  Bilatzen dugun aldaketa garelako eta etorkizunak zerbait hobea gordetzen digulako. Azken hamarkadan gazteok pairatzen ditugun arazoak areagotzen eta azkartzen ari dira, eta horren adibide dira etxebizitza duina eskuratzeko ditugun arazo larriak edota enplegu duin eta egonkorrak lortzeko ezintasun sistematikoak”, salatu du hautagaiak, eta ohartarazi du egoera horrek “gazteon eguneroko bizitzan eragiten duela, gure bizitza proiektuak modu independentean garatzea ezinezko bilakatzeraino. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteak bataz beste, 29,7 urterekin emantzipatzen dira, zehazki, Europako beste edozein gazte baino lau urte beranduago”.

Emantzipazioa erakunde publikoek bermatu beharreko eskubidea dela gogorarazi du Saez de Egilazek, baina, kritikatu duenez, Jaurlaritzak kontrako norabidean jardun du. “Jaurlaritzak hartutako erabakiek ekarri gaituzte honaino. Etxebizitza eskubidea bermatu eta etxebizitza politika ausartak egin beharrean, etxebizitza negozio iturri bilakatu da azken hamarkadan eta honen aurrean ez dira erabaki ausartak hartu. Adibide nagusia alokairuko etxebizitzen prezioen gorakada da eta, gainera,  gazteen bataz besteko soldata 2011tik 2021erako tartean 150 eurotan murriztu da. Etxebizitza prezio altuek eta diru-sarrera baxuek gazteen egunerokoa ezintzen dute, emantzipazioa oztopatuz eta nabarmen atzeratuz”.

“Emantzipazioa –esan du– ez da soilik gurasoen etxetik alde egitea, emantzipazioak independentzia ekonomiko eta soziala eskuratzea suposatzen du, hau da, gure bizitza ibilbideak gure erabakien arabera egiteko gaitasun formal eta materiala eskuratzea”. Horregatik, azaldu du, EH Bilduk premiazkotzat jotzen du etxebizitza eta enplegu arloetan eragitea, emantzipazioa bermatu ahal izateko. “Batetik, etxebizitzari dagokionez, alokairu pribatuei muga jarriko diegu, horretarako dauzkagun tresna guztiak baliatuz eta tresna politiko gehiago lortuz, eta alokairu parke publikoa nabarmen hazteko neurriak hartuko ditugu, alokairu parke publiko handia izatea ezinbestekoa baita etxebizitza eskubidea bermatzeko; bestetik, enpleguaren arloan kalitatezko enpleguaren aldeko apustu irmoa egiten dugu, gutxieneko soldata 1.400 eurora igotzeko, besteak beste”.

Izan ere, “gazteok emantzipatzeko ditugun egiturazko arazoen aurrean politika publiko sendo eta ausartak behar ditugu. Ezinbestekoa da etxebizitza eskubidea negozio iturri bilakatu nahi dutenen aurrean politika publiko zehatzak aplikatzea, baita gazteen miseriazko soldaten aurrean gutxieneko soldata gure errealitate sozioekonomikora egokitzea ere”.

Saez de Egilazekin batera, Aguraingo alkate Raul Lopez de Uraldek ere parte hartu du ekitaldian. Azaldu duenez, Agurain jada erakusten ari da EH Bilduk etxebizitza arloan proposatzen dituen politikak eta neurriak egingarriak eta eraginkorrak direla. Horren adibide da, bere esanetan, bertako Bustamante Jauregian martxan dauden alokairu sozialeko 11 etxebizitzak. “Etxebizitza hauek 30-35 urte arteko gazteentzat izango dira, eta pertsona bakoitza, gehienez, 5 urtez bizi ahal izango da bertan. Proiektu honen helburu nagusiak bi dira: batetik, baliabide ekonomiko eskasak dituzten herriko gazteei emantzipatzeko aukera ematea; bestetik, Alde Zaharra suspertzea”.