AKTUALITATEA

| 2021-04-27

Gernikako bonbardaketaren 84. urteurrenaren biharamunean, frankismoak sarraskian izandako erantzukizuna ofizialki aitortzeko beharra eraman du EH Bilduk Senatuko kontrol saiora, Juan Carlos Campo Justizia ministroari egindako ahozko galdera baten bidez. Gorka Elejabarrieta bozeramaileak nabarmendu duenez, bonbardaketan "Franco diktadorearen eta haren agindupean zeuden guztien erantzukizuna" aitortu beharko luke behingoz Espainiako Gobernuak. "Bada garaia. 84 urte geroago, gobernuak gaur aukera paregaea du aurreko gobernuek egin ez dutena zuzentzeko eta aitorpen ofiziala egiteko".

EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du diktadurak iraun zuen 40 urteetan Espainiako Estatuak ez zuela gertatutakoa onartu, eta, hori gutxi balitz, sarraskian gertaturikoa manipulatu zuela, Gernika suntsitzearen erantzule 'gorriak eta euskal subiranistak' eginez. "Noiz zuzenduko dute anomalia eta desmemoria historiko hori?", galdetu du. Elejabarrieta onartezintzat jo du oraindik ere inor ez epaitu eta zigortu izana Gernikako bonbardaketaren ondorioz, frankismo garaiko hilketa frankistekin gertatu bezala.

Faxismoari aurrean, irmotasuna

Era berean, Elejabarrietak pauso bat aurrera emateko eskatu dio Justizia ministroari: "Hegazkin naziak gidatzen zituztenen oinordeko ideologikoek, Gernika bonbardatzea agindu zuten frankisten oinordekoek, gure artean jarraitzen dute, betiko berberak dira. Ez dezagun ahaztu, ez gaitezen deskuidatu". Faxismoa geldiarazteko kontsigna bat bota du azkenik: "Faxismoari egunero egin behar zaio aurre, fronte guztietan, baita oroimenetik ere. Orduan esan genuen irmotasun eta jarrera sendo berarekin esaten dugu gaur ere: ez dira pasako".