AKTUALITATEA

| 2025-02-14

Maddalen Iriarte Okiñena, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea

Zentzugabekeria baten istorioa da hau. Eta Ezkion ezin hobeto laburtzen da proiektu honek hasiera-hasieratik izan duen aurreikuspen falta eta inposaketa estiloa. Goierriren bihotzean, 1.000 biztanlera iristen ez den herri batean, zertarako balioko duen ez dakigun tren-geltoki bat daukagu, bukatu gabeko sasi-geltoki bat.



Eskandalu handi baten istorioa ere bada, gure dirutik ordaintzen ari baikara zentzugabekeria. Eta sakelak, poltsikoak husten zizkiguten bitartean, garraio sare zaharkituekin jarraitu behar izan dugu, edo Donostiatik Bilbora trenez joateko hiru ordu galtzen. Etxe atarian dugun biaduktu edo tunelak aspaldi amaituta daudela eta trenik ez dabilela ikusita zerbait galdetzera ausartuz gero, paternalismoz beteta esan izan digute dena ondo zihoala. 



Edozein eztabaidatan bezala, komeni da nondik norakoak ondo finkatzea, eta hori ez da erraza horrelako proiektu batean, Madrilgo Escorial edo  Indiako Agra hiriko Taj Mahalen lanen iraupena gaindituko baitu euskal “Y”arenak. 



Abiadura handiko linea deiturikoaren obrak 2006an hasi ziren, eta Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen trena 2010ean jarriko zela martxan. Hamabost urte igaro dira, eta orain inor ez da behin betiko ausartzen data bat ematera, barregarri ez gelditzeko. 

Sustatzaileen arabera, euskal “Y”aren helburua da “abiadura handiz EAEko hiru hiriburuak elkarren artean lotzea eta Euskal Herria Iberiar penintsulako gainerako lekuetara eta Frantziara hurbiltzea”. Dokumentu ofizialek diote Bilbo, Gasteiz eta Donostiaren arteko lotura ahalbidetzeaz gain, trenbide berriak Iruñearekin ere lotura izango duela.

Ikus dezagun.


Hegoalderantz, Espainiako Gobernuak oraindik ez du lizitatu Gasteiz eta Burgos arteko abiadura handiko linearen zati bakar bat ere. Laster egingo duela diote.

Iparralderantz, Frantziako Gobernuak duela hilabete pasatxo berretsi zuen, kasurik onenean, konexioa 2042ra arte ez dela prest egongo.

Eta gure herrialdearen barruko loturei dagokienez, oraindik ez dakigu nondik konektatuko den euskal “Y” Nafarroarekin. Hau da, 19 urte igaro dira obra hasi zenetik, eta ez dakigu nondik nora joango den.

Nafarroako konexioaren puntu horretan hartzen du protagonismoa Ezkiok. 2000. urtean Ezkion trenak aurreratzeko eta aparkatzeko postu bat egotea aurreikusita zegoen. Hamahiru urte geroago, postu hori bidaiarien geltoki bihurtzea erabaki zen, "epe ertain eta luzera helburu horrekin erabil zitekeelako". Lau hiriburuez gain, Ezkio izango zen abiadura handiko bidaiarien geltoki propioa izango zuen Euskal Herriko bi herrietariko bat,Tuterarekin batera.

Esan eta egin. 2020ko martxoan, Euskal Trenbide Sareak, Espainiako Gobernuaren enkarguz, Ezkioko geltokia lizitaziora atera zuen, eta urtebete geroago esleitu zuten. Obrak zenbait atzerapen izan zituen pandemiaren eta Ukrainako krisiaren ondorioz, eta 2022ko udan, Eusko Jaurlaritzak, gauetik goizera, obra amaitu gabe uztea eta eraikuntza-enpresarekin zuen kontratua etetea erabaki zuen. Ez zegoen argi etorkizun hurbilean trenik egongo zenik, are gutxiago bidaiariak. Kalte-ordaina eman behar izan zitzaion enpresa eraikitzaileari, noski. Beraz, guztira, 4 milioi euro baino gehiago oraindik amaitu gabe dagoen estazio batentzat.

Ezkio, Iruñearen eta "Y"aren arteko lotura-puntu idealtzat jo dute batzuek, eta beste batzuek, berriz, Gasteiztik konexioa egitea hobe dela defendatu dute. Lehenengoen artean Gipuzkoako Foru Aldundia, nahiz eta PNV eta PSE-k Gipuzkoan gauza bat esan, eta Araban kontrakoa defendatzen duten.

Obra, nolanahi ere, Espainiako Gobernuarena da, nahiz eta guztion artean ordaindu, eta hark erabakitzen du nondik nora joango den. Zantzu guztien arabera, nahiago du Gasteiztik egitea lotura, merkeagoa delako, baina ez du azken hitza esan oraindik.

Azkenik Goierritik egingo balitz, Donostiatik Nafarroara doazen trenek Ezkion gelditu beharko dute beti. Linea ez da diseinatu geldialdirik gabe egin ahal izateko. Gipuzkoa-Nafarroa norabidean beti gelditu eta martxaren noranzkoa aldatu behar da, eta horrek paradoxa batzuk sortzen ditu: deigarrienetako bat da denbora gutxiago beharko dela Bilbotik Iruñera joateko Donostia-Iruñea ibilbidean baino, Bilbotik Iruñera joateko ez baitauka gelditu beharrik.

Esate baterako, Iruñeko Volkswagenen plantatik edo Zaragozako Opeletik aterako litzatekeen tren bat askoz lehenago iritsiko litzateke Bilboko portura Pasaiakora baino, betiere linea merkantzietarako erabiltzen bada, hori ere ikusteko dago eta. Hori ere bai!

Gauza bera gertatuko zaio Donostian edo Bilbon ikasi zalantzan dagoen Iruñeko ikasle bati. Egunen batean trena martxan jartzen bada, denbora gutxiago beharko du Nafarroako hiriburutik Bilbora iristeko Donostiara iristeko baino. 
Zentzugabekeria orokorraren beste adibide bat da. Linea egina dago, eta Goierritik Sakanara edo Sakanatik Goierrira zuenean jotzeko beharko lukeen kurbadurarik ez du. Eta ez du izango.

Hitz gutxitan, herritarron milaka milioi euro xahutu dituzte azken 20 urteotan, eta ez dago pentsatua ez nola lotu elkarren artean euskal lurraldeak, eta trenbideak ez dauka oraingoz irteerarik ez Hegoalde ez Iparraldera. Eta Ezkioko kasuan, gainera, sasi-geltoki bat egiteko 4 milioi euro gastatu ondoren, ez dakigu egunen batean bidaiariak izango dituen, ezta Nafarroarekin lotzeko balioko duen ere. Hamar urte galdu ditu Gipuzkoak eta lau milioi horiek zer eta eraginkorragoak eta beharrezkoagoak ziren lurraldeak dituen hainbat erronkari erantzuteko.

Testu hau honaino irakurri baduzu, zuk ere argi izango duzu honez gero prozesu osoa zeharkatu duen seriotasun falta. Eta gauzaren batek harritu bazaitu edo orain arte ez bazenekien, seinale informazioa ez dela gardena izan, eta herritarrok inozotzat hartu gaituztela. Erakundeek nahita nahastu nahi izan gaituzte, bestela lardaskeria erabat agerian gelditzen delako.

Ez da erantzukizun eta ardurak astindu eta beste batzuen lepo uzteko unea, batzuek Madril seinalatuz egin nahi duten bezala. Espainiako gobernua da obraren jabea, zalantzarik gabe, baina Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek, eta bi horietan aspalditik sozio diren PNV eta PSEk ere ardura handiak dituzte. Urtetako zentzugabekeria ezin da estali orain erru guztiak Madrili botaz.



Bada garaia erakunde guztiek orain arte erakutsitako inposizio joerak alde batera uzteko. Bada garaia behingoz Herri gisa pentsatzen hasteko. Ez da hau guk gauzatuko genukeen proiektu bat. Hala ere, obraren zati handi bat eginda dago, eta horrek ez dauka atzera bueltarik. Erantzukizunez jokatuz, eginda dagoenarekin eta falta diren lanak ongi hausnartuz, ongi pentsatuz, dakitenei entzunez bakarrik lortuko dugu gaur lardaskeria dena bihar hondamendi ez izatea. Orain arteko gabeziak estaltzeko, ezin gaitezke hasi lurraldeen arteko gerra antzutan, arabarrak gipuzkoarren kontra edo gipuzkoarrak bizkaitarren aurka. Izan ere, berdin zaio “Y”aren lotura nondik egin, Gasteiztik edo Ezkiotik: Donostia eta Iruñea elkarrengandik gertuago egonda ere, bilbotarra azkarrago iritsiko da Iruñera donostiarra baino. Eta hori ez du aldatuko Gipuzkoako diputazioak. Bada garaia behingoz Herri gisa pentsatzen hasteko.