Gure herriak sarri erakutsi dio, ikusi nahi duen orori, zein den bere izana, izena eta izaera, nazioa dela eta bere etorkizuna libreki erabaki nahi duela. Denboran atzera gehiegi egin gabe, aurreko uztailean herri harrotasun erakustaldia egin zuen, Tourra Euskal Herriko errepideetatik barna ibili zenean. Joan den ostegunetik, gauza bera egiten ari da, Korrikari sustengua eta babesa erakutsiz. Horiek guztiak herri sentimenduaren, nazio taupada eta nazio anbizioaren erakustaldi aipagarriak izan dira.
Asteotan, eta igandera bitartean, Korrikak bere ibilbidea jarraituko du, euskararen aldeko aldarria Euskal Herriko txoko guztietara eramanez. EH Bildu eta EH Bai aktiboki parte hartzen ari gara euskararen aldeko lasterketan eta beraien poza, ilusio, euskararekiko atxikimendua eta herri honen izaera Korrikan ere erakusteko deia egiten die euskal herritarrei.
Baina ez da hori izango Euskal Herriaren aldarria egiteko euskal herritarrek izango den aukera bakarra. Larunbatean, Euskal Selekzioaren eta Uruguairen arteko futbol partida hartuko du Bilboko futbol zelaiak. Hemen bizirik den herri bat dagoela munduari erakusteko beste aukera paregabe bat. EH Bilduk eta EH Baik dei egiten diete euskal herritarrei Euskal Selekzioaren futbol partida jarraitzera, San Mames futbol zelaia milaka euskal herritarrekin betetzera eta mundu zabalari erakustera ukazio guztien gainetik Euskal Herria bizirik dagoela, euskal herritarrak izatearen harrotasuna eta bere etorkizuna libreki erabakitzea nahi duen nazio bizia dela.