AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-06-30

Egindako hitzartzean, Barrenak jardunaldien nondik norakoak azaldu eta Europako ezkerrak dituen erronka nagusiak izan ditu mintzagai. Azaldu duenez, “gaurkotasunak ezartzen dituen erronken inguruan denborarekin hausnartu eta irizpide amankomunak ezartzeko” aukera ematen dute halako jardunaldiek. Horien baitan, Ukrainiaren inbasioak eta NATOren garapenak hartu dute zentralitatea.

“Bi eguneko programa honetan ere, Euskal Herrian, Europan, zein munduan ezkerreko indarrek garatzen ari diren praktika onenak” ezagutzeko aukera izan dutela gaineratu du: Txile, Eskozia, Katalunia, Kurdistan, Danimarka... herrialde anitzetako ordezkariak izan dira eta mota guztietako gaiak izan dituzte mintzagai: genero ikuspuntua ezkerraren eskaintza politikoan, etxebizitza arloan garatutako dinamikak, hauteskunde kanpainetako praktika arrakastatsuak, autoritarismoak dakartzan arriskuak...

 

 

Horrekin batera, estaturik gabeko nazioek Europaren eraikuntzan jokatzen duten paperak eztabaidetan funtsezko espazioa hartzen duela erantsi du.

EH Bildurentzat garrantzi handia du Ezkerraren Taldean egoteak eta bertan lan egiteak, Europaren erronkei ezkerreko planteamenduetatik erantzuteko. “Jatorri eta ikuspegi desberdineko kide eta alderdiok osatzen dugu talde hau, baina denok konpartitzen dugu Europarentzako eredu berri baten beharra, Europa sozial bat, atzean inor uzten ez duena, herrien eta klase popularren aldekoa eta giza eskubideen bermatzaile dena”.