AKTUALITATEA

| 2021-10-05

Maddalen Iriartek “Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko garapen sozial eta ekonomikoa sustatuko duten hiru proiektu estrategikoren inguruan adostasunak lantzeko espazio bat” ireki dezala eskatu dio gaur Jaurlaritzari, Europako Funtsekin finantzatzeko. Izan ere, Gobernu espainolak bi asteko epea eman du autonomia erkidegoek Next Generation programaren baitan finantzatu nahi dituzten hiru proiektu estrategiko (PERTE) zehaztu ditzaten. “Une historiko honetan ­–esan du Iriartek– ezinbestekoa da indarrak batzea herri proiektu argi baten inguruan; guztiok arduraz jokatzeko unea da, legitimoak diren interes elektoralak alde batera utzita. Adostu ditzagun zein diren herri gisa ditugun lehentasunak, marraztu ditzagun arnas luzeko estrategiak lehentasun horiek garatzeko, erabaki dezagun elkarrekin nola eta zertan inbertitu Europako Funtsak, artikulatu dezagun kooperazio publiko-pribatua interes orokorraren mesedetan”.

EH Bilduko bozeramaileak Next Generation funtsen garrantzia azpimarratu du, programa horretatik eratorriko den inbertsioak “herri honen etorkizuneko garapen ereduaren oinarriak finkatuko dituelako”. Azaldu duenez, “eraldaketa garai batean bizi gara termino ekonomikoetan, sozialetan, kulturaletan eta politikoetan, eta alderdi guztion ardura da eraldaketa hori norabide egokian egingo dela bermatzea”. Hortaz, “Gobernua-oposizioa eskema gainditu eta herri gisa jokatu behar dugulakoan”, Iriartek adostasun handi bat nahi du proiektu estrategiko horien inguruan. “Estrategikoak diren heinean, proiektu horietaz hitz egin behar dugu nahitaez Jaurlaritzarekin, are gehiago orain, aurrekontuen eztabaidaren atarian. Europako Funtsak eta aurrekontuak txanpon bereko bi aldeak dira, elkarloturik daude eta eztabaidak, hortaz, globala izan behar du”.

Iriartek argitu duenez, Euskadi Next programan agertzen diren hiru ildo estrategiko lehenestea da EH Bilduren proposamena: “Gizarte kohesioaren atalean, gizarte zerbitzuen eraldaketa zaintzen sistema publiko bat sortzeko; trantsizio ekologikoari dagokionez, itsas jatorriko energia berriztagarriak, eta trantsizio digitalean, adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta zerbitzu aurreratuak”.

Mikel Oterok proiektu horiei buruzko xehetasunak eman ditu. Kohesio sozialari dagokionez, gizarte zerbitzuak berrantolatzea premiazkoa dela ohartarazi eta Gizartekintza sortzea proposatu du. “Gizartekintzak Osakidetzak osasun arloan betetzen duen funtzioa beteko luke zaintzen arloan eta zerbitzuen katalogoa zehaztuko luke, bai eta kudeaketa eredua ere”.

Trantsizio ekologikoaren atalean itsas energia berriztagarriak sustatu beharra azpimarratu du, “gure kontsumo energetikoa altua delako eta lurreko berriztagarriak muga fisiko, ekologiko eta sozialak dituztelako”.

Azkenik, trantsizio digitalari buruz, EH Bilduko legebiltzarkideak estrategia digital integral baten beharra ikusten du “giza eskubide digitalak bermatzeko, azpiegitura digitalak garatzeko, industria digitalizatzeko, adimen artifizialaren erabilera etiko, seguru eta demokratikoa ahalbidetzeko, euskara eta euskal kultura mundu digitalean zabaltzeko, nortasun digitala garatzeko eta datuen burujabetza ziurtatzeko”.