AKTUALITATEA

Justizia Soziala | 2024-11-13

Pello Otxandiano:

Fiskalitatean bezala politika publiko guztietan sakoneko erreformak planteatzeko garaia dela uste dugu. Eusko Jaurlaritzari 2025eko Aurrekontuak negoziatzeko atzo helarazi genion bigarren proposamenak ikuspegi hau bera planteatzen du: ez da erretoke txiki edo doiketetarako garaia, sakoneko erreformak planteatzekoa baizik. Zentzu honetan proposatzen dugu etxebizitza politika publiko proaktiboa egitea: merkatua etxebizitza-hornitzaile nagusitzat jotzen duen eta, ondoren, haren akatsak zuzentzen saiatu izan den politikatik, sozialki aurreratuenak diren Europako herrialdeetan inspiratutako etxebizitza politika publikora.

Badakigu hau ez dela egun batetik bestera egiten, baina bide bat ibiltzen hasteko momentua dela uste dugu eta honetarako aukerak ditugu. Eusko Jaurlaritzari proposatu diogu babes ofizialeko etxebizitza guztiak erostea alokairu sozialera bideratu daitezen eta etxebizitza parke publiko ahalik eta handiena izan dadin. 2.342 etxebizitza aurreikusten dira eta honek 350 milioi euro inguruko aurrekontua eskatuko luke.

Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu merkatuan esku-hartzea:

-      Prezioak mugatu behar dira eta horretarako Etxebizitza Legea aplikatu behar da

-      Etxebizitza hutsak merkaturatzen laguntzeko eta udalek etxe hutsen dekretua aplikatu dezaten lagungarri izan behar du Jaurlaritzak

-      Turismoaren Legea aldatzea, etxebizitzak bizitegi-erabilera bakarrik izan dezan

-      Espekulazioari ateak itxi behar zaizkio eta honetarako sektore publikoak esku-hartu behar du.

 


​Maddalen Iriarte:

Gaur, Azpeititik, fiskalitate progresibo, aurrerakoi eta berdinzalea negoziatzeko deia egiten diegu EAJ eta PSEri. Etxebizitza politika ausart eta nahikotasunezkoak egiteko aukera emango duen fiskalitatea, alegia. Gipuzkoako Batzar Nagusietan erdietsi genuen akordio politikoarekin koherentzian planteatutako zerga erreforma, eta erreforma diogu, ez baikaude ukituak egiteko garaian. Erreforma da EH Bildu lantzeko prest dagoena: lan-errentaren zerga-tasen eta kapital-errenten arteko hurbilpena jasoko duena, sozietateen zergaren gaineko berrikuspen integrala egingo duena, justizia sozialaren mesedetan aberastasun handien gaineko zerga ezarriko duena eta zerga-ihesean galtzen diren 2.000 milioi euroen gainean neurriak hartuko dituena. Diru sarrerak handitu behar dira, gehien duenak ekarpen handiagoa eginez. Finean, sakoneko erreforma bat behar dugu eta ez doiketa bat.

Nagore Alkorta:

EH Bilduren udalak erreferente dira etxebizitza politiketan eta Azpeitian demostratu dugu posible dela etxebizitzarako sarbidea erraztea eta bizi dugun larrialdiari, dagokigun tamainan, soluzioak ematea. Esku artean ditugun tresnak eta askoz gehiago beharko ditugu sakoneko arazoa den etxebizitzarenari soluzioa emateko. Zentzu honetan, ezinbestekoa deritzogu instituzioen arteko elkarlana eta kooperazioa; hala, udalok, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bat egin behar dugu etxebizitza eskubidea benetan bermatua egon dadin. Herri honetako instituzioak modu koherentean egin behar dugu lan eta honetarako borondate politikoa behar da. Gure gaitasun instituzionalak konektatu behar ditugu politika publikoen efikazia eta gastu publikoaren efizientzia lortzeko. Hauxe da EH Bilduren borondatea eta garaiak eskatzen diguna.