Bilera egin dute gaur Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Eudelek Etxebizitza Legearen Urgentziazko lege aldaketa eta horren ondorioak lantzeko. Bilera horretan egon da Nagore Alkorta Eudeleko lehendakariordea eta Azpeitiko alkatea, eta bertan jarrera kritikoa azaldu du hurrengo egunetan Legebiltzarrean onartuko den etxebizitza alorreko lege aldaketaren inguruan.
Dena dela, proposamenak eraman ditu EH Bilduko ordezkariak gaur egindako bilerara, besteak beste, erakunde ezberdinen elkarlana sustatuko duen organo berria sortzea. “Beste hainbat alorretarako badaude erakundeen arteko organoak, baina etxebizitzan oraindik ez, eta ezin dugu ahaztu hori del herritarren kezka nagusia”, adierazi du Alkortak.
Era berean, etxebizitza politikak garatzeko Eudelekin elkarlana handitzea proposatu du, besteak beste, etxebizitza hutsak mobilizatzeko. Zentzu horretan, gogora ekarri beharra dago Azpeitian bertan etxebizitza hutsei kanona ezartzeko politika publiko berritzailea.