AKTUALITATEA

| 2024-01-09

EH Bilduk agerraldia egin du, gaur goizean, Donostian, Etxebizitza Legeak eskaintzen dituen tresnak indarrean jartzea eskatzeko. Unai Fernandez de Betoño Gasteizko Udaleko zinegotzia, Aizpea Otaegi Errenteria-Oreretako alkatea, Maria del Rio Bilboko Udaleko zinegotzia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako Udaleko zinegotzia izan dira agerraldian. Fernandez de Betoñok ezinbestekotzat jo du area tentsionatuak izendatzea, etxebizitzaren arazoari konponbidea jartzen hasteko.

Unai Fernandez de Betoño:

Pasa den maiatzean Espainiar Estatuko Etxebizitza Legea onetsi zen azkenean, EH Bilduren boto erabakigarriekin. Legeak, kaleratzeen aurreko gizarte-babesa handitzeaz gain, alokairuen igoerak mugatzeko sistema bat ezartzea habilitatu zuen, derrigortu gabe.

Sistema hori gauzatzeko lehen pausua area tentsionatuen izendapena da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko 15 udalerrik baino gehiagok adierazi dute izendapen hori egiteko nahia, 3 hiriburuek barne, plenoan onetsitako mozioen bidez.

Area tentsionatuak izendatuak izateko bi baldintza daude, eta nahikoa da bietatik bakarra betetzea: edo azken 5 urteetan etxebizitzaren prezioa KPIa baino 3 puntu gehiago igo izana; edo herritarrek haien soldataren % 30a baino gehiago bideratu behar izatea etxebizitza ordaintzera.

Pasa den astean Jaurlaritzaren Etxebizitza Behatokiak txosten bat argitaratu du, zehaztuz Euskal Autonomia Erkidegoko zer barrutik eta zer udalerrik betetzen dituzten area tentsionatu gisa izendatuak izateko baldintzak. 41 udalerri dira, autonomia-erkidegoko biztanleriaren erdia baino gehiago biltzen dutenak. Bereziki, 3 hiriburuak, ia osorik, eta haien inguruko udalerriak. Eta horrek EH Bilduri arrazoia ematen dio, neurri handi batean.

Eta txosten horrekin batera, Jaurlaritzak protokolo bat argitaratu du, argituz zer urrats eman behar diren area tentsionatuen izendapena egiteko. Bereziki, argitu du eskumen konpartitua izango dela: azken izendapena Jaurlaritzak egingo du, baina horretarako Udalen eskaera formal bat jaso behar du lehenago, 2 dokumenturekin batera: memoria justifikatibo bat, izendapena arrazoitzeko datu objektiboekin (bereziki etxebizitza-prezioaren egoera eta bilakaera) eta izendapenerako eremuaren proposamenarekin; eta ekintza plan espezifiko bat, proposatutako area tentsionatuetan hartuko diren neurriak zehaztuz, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza eta eskaria orekatzeko, baita horiek gauzatzeko kronograma bat ere, 3 urtera begira.

Horregatik, dei egiten diegu zehaztu diren 41 udal horietako gobernuei, area tentsionatuak izendatuak izateko eskari formala egin dezaten, memoria justifikatiboa eta ekintza plan espezifikoa Jaurlaritzari bidaliz. EH Bildutik, gure esku dauden udaletan hori egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta oposizioan gauden udaletan, berriz, mozioak erregistratuko ditugu hori egin dadila eskatuz. Beste alderdiei, eta zehazkiago EAJ eta PSEri, ardura eskatzen diegu eta orain arte udalez udal onetsi diren mozioetan bozkatutakoarekiko koherenteak izan daitezela. Ezin gara ezer egin gabe geratu, herritarren kezka nagusienetako baten aurrean. Alokairuen prezioak errekor historikoetan daudenean eta mila euskal herritar alokairu soziala eskatzen ari direnean, nahitaezkoa da ekimen politikoa hartzea eta konponbideak bilatzea. Zentzu horretan, area tentsionatuak izendatzea ezinbestekoa dela uste dugu EH Bildutik.

EH Bildutik argi dugu etxebizitza eskubide gisa ulertzeko bi aldagaietan eragin behar dela: eskaintzan eta prezioan. Eta area tentsionatuen izendapenak bietan eragiteko tresna bezala uler daiteke. Area horietan neurri bereziak hartzea ahalbidetuko digulako, bai eskaintzan bai prezioan ere, alokairu-gorakadak mugatuz. Neurri hau Katalunian hartu izan zenean, 2021 eta 2022an, patronal inmobiliarioak dioenaren kontra, prezioak zerbait jaitsi ziren (% 3) eta eskaintza ez zen murriztu (% 7 igo zen), Generalitatearen eta Bartzelonako Udalaren azterlan publiko baten arabera. Horregatik, uste dugu ezin garela ezer egin gabe geratu, pentsatuz merkatuak berak egoera konponduko duela. Oraintxe bertan 60.000 herritar daude alokairu soziala eskatuz EAEn, eta alokairuaren prezioak errekor historikoan daude. Area tentsionatuak izendatzea ezinbestekoa da.