Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramaileak agerraldia egin du, gaur goizean, Donostian.
Oihana Etxebarrieta:
Espero genuen albistea jaso genuen atzo arratsaldean. Apirilaren 21ean izango dira azkenean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta, atzo esan genuen moduan, EH Bildu prest dago erronka honi heltzeko. Ilusiorako momentua da. Itxaropenerako momentua da. Aldaketa usainak datoz euskal lurralde hauetara.
Lanean eta lanerako harrapatu gaitu hauteskunde deialdi honek. EH Bildu herritarren zerbitzura dagoen indar politikoa da, etengabe herritarrei irtenbideak eskaintzen dizkien indar politikoa. Etorkizuna gaurdanik eraikitzen duen indar politikoa da gurea.
Azken hauteskundeetako emaitzek berretsi duten moduan, geroz eta gehiago gara ezkerreko eta subiranisten etxe handi eta zabal honetan. EH Bildu da uneotan alternatiba politiko bakarra. EH Bildun geroz eta gehiago izango garenaren ilusioa daukagu. Eta badakigu, hau, gure momentua dela.
Hauteskundeetarako prestatuta gaude. Azken hauteskundeetan herrialde guztietan izan ziren emaitzek gauza bera adierazten dute: gora egiten jarraitzen dugu, gero eta gehiago gara, gero eta gehiago dira ezker subiranistan beren konfiantza jartzen dutenak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gero eta herritar gehiagok ikusten dute mahai gainean konponbideak jartzen ditugula. Ziklo bat itxi eta beste bat irekitzeko aukera leihoa irekitzen dela uste dugu, beste gehiengo batzuekin, beste lidergo batzuekin eta politika egiteko beste modu batekin.
Berriro ere baikortasunean oinarritutako hauteskunde kanpaina egingo dugu. Ilusioarekin. EH Bildu zer den erakutsiz, itxaropena, konpromisoa, zintzotasuna adieraziz. Beste lidergo batzuk eta politika egiteko beste modu batzuk erakutsiz.
EH Bilduren herri proiektua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei azaltzeko asteak izango dira hurrengoak. Herritarrek merezi dute maila goreneko debate politikoa ikustea, bakoitzak bere egitasmoak eta herri honentzat daukaten proiektua azaltzea. Politika konbentzionalean ohikoak diren lokatzetatik aldendu eta eztabaida politikoaren maila igotzeko deia egiten diegu alderdiei eta hautagaiei. Gure konpromisoa da herritarren egiazko kezkei heltzea eta horientzat proposatzen ditugun konponbideak azaltzea. Horren inguruan egin nahi dugu debatea eta, esan bezala, EH Bildutik horrela egingo dugu; hori da gure konpromisoa.