AKTUALITATEA

| 2021-10-25

EH Bilduk ekitaldia egin du Gasteizko Santa Barbara plazan, Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatzen den egunean. Bertan, Maddalen Iriartek eta Iñaki Ruiz de Pinedok hartu dute hitza. Ondoren, bertan irakurritako testua osorik:

Gaur 42 urte onartu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Estatutua. 42 urte horiek, ez-betetze baten historia gisa laburbil genitzake. 42 urte geroago, 30 bat eskumen transferitu gabe daude oraindik, eta horien artean dago Gizarte Segurantzaren kudeaketarena. Promesak, kronogramak onartzea... eta Espainiako Estatuaren atzerapenak eta ez-betetzeak.

EH Bilduk beti ongietorria ematen dio gure herrira iristen den edozein eskumen berriri, gure subiranotasun-mailak zabaltzea eta herritarren bizi-baldintzak hobetzea dakarrelako, baina herri honek, euskal gizarteak, duela hamarkada bat baino gehiago baieztapen kategoriko bat utzi zuen ezarrita: Estatutua agortuta dago. Edo, bestela esanda, Gernikako Estatutua ez da gai euskal herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko.

Herri honen gehiengo handi batek subiranotasun-maila handiagoak eskatzen ditu. Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen gehiengo handi batek estatus politiko berri bat eskatzen du herri honentzat. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen gehiengo handi horrek estatus berri hori gidatu behar duten oinarri eta printzipioei buruzko akordioa lortu zuen. Akordio hori tiraderan ezkutatu nahi dute, ezer alda ez dadin. Gure ustez, arduragabekeria politiko izugarria da, erabaki horretan kaltetuak euskal herritarrak direlako.

Erronka izugarriak ditugu aurrean: trantsizio energetikoa, trantsizio digitala, zaintza-politikak... Badakigu Estatutuak ezin diela erronka horiei erantzun, ez eta duela 10 urtekoei ere, eta, hala ere, batzuek oztopoak baino ez dituzte jartzen herri honek behar duen estatus politiko berriaren eraikuntzak aurrera egin ez dezan, gehiengo kualifikatu nahikoak daudenean hori egi bihurtzeko. Arduragabekeria handiagorik!

Gaur, Gernikako Estatutuaren urteurrenean, Estatuarekin sinatu genuen kontratu-akordioaren urteurrenean, eta 42 urteren ostean bete gabe jarraitzen duenez, EH Bilduk berriro eskatzen du euskal gizarteak azken hauteskunde autonomikoetan emandako mandatua bete dadila. EAJri bere jarrera eta estatus berriarekin egin nahi duena argitzeko eskatzen diogu, urte hauetan guztietan praktikan jarri dituen atzerapen-maniobrak behingoz alde batera utziz.

Herri mailako erronka handiegiak eta premiazkoegiak ditugu bete gabeko promesetan jolasteko, Urkullu jaunak 2015ean lehendakari aukeratuz gero deitu behar zuen kontsultari buruz egin zuena bezalakoa. Estatus politiko berria ez da kapritxo nazionalista bat, herri gisa dugun behar bat baizik. Has gaitezen lanean berehala. Joan den legealdian lortu genituen oinarriei eta printzipioei buruzko akordioa praktikan jar dezagun. Bete dezagun euskal herritar gehienen nahia.
Azaroaren 20an, herri honentzat subiranotasun maila handiagoak nahi ditugunok, euskal estatua nahi dugunok, ezkerreko independentistok, hitzordua dugu Bilboko kaleetan. Azaroaren 20an, ozen eta argi esango dugu berriz ere libre bizi nahi dugula, berdintasunean oinarritutako herri aske batean.