EH Bildu harrituta agertu da Solaria enpresako bi zuzendari ohik Administrazio Publikoko karguak dituztelako orain. Zehazki, horietako bat EEEko (Energiaren Euskal Erakundea) Proiektu eta Berrikuntza zuzendaria da gaur egun, eta bestea Arabako Foru Aldundiak sustatutako Araba Garapen Agentziako zuzendari berria da.
Ezker subiranistak ohartarazi du izendapen horiek bat datozela denboran Araban instalazio fotovoltaikoen 19 proiektu aurkeztearekin. Proiektu horiek kezka handia sortzen ari dira herritarren artean, eta EH Bilduk jada eskatu die erakundeei erantzukizuna beren gain har dezatela, lurraldea antola dezatela eta alegazioak aurkez ditzatela.
Energia berriztagarrien proiektuak modu desordenatuan eta kontrolik gabe ezartzen ari direla agerikoa denean, interes handienetakoa duen enpresa baten goi-mailako zuzendari ohiak kargu publikoetan izatea ulertezina da eta herrialde honetako herritarren artean alarma logikoa sortzen du, horiek direlako azken erabakiak hartzen dituztenak. Erakundeen utzikeriaren aurrean, enpresa sustatzailearen interesek eta lurren jabekideek bakarrik definitzen dute azpiegitura horien kokapena. Orain, enpresa horietako zuzendari ohiek kargu publikoak izateak alarma guztiak pizten ditu.
EH Bilduren ustez, ate birakariek areagotu baino ez dute egiten erakundeek adiskidekeriaz eta interes ekonomiko eta enpresarial jakin batzuen mesedetan aritzen direnaren herritarren irudipena. Ezker subiranistak bere egiten du euskal herritarren haserre hori, eta azpimarratu du nekaezin lan egingo duela edozein erakunde publikotik jardun behar den etikarekin, eredugarritasunarekin eta txukuntasunarekin zerikusirik ez duten jokabideei amaiera emateko. Gauzak horrela, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela herrialdean errejenerazio demokratiko sakona egitea.
EH Bilduk iragarri du hainbat ekimen aurkeztuko dituela Arabako Batzar Nagusietan zein Eusko Legebiltzarrean, izendapen horien arrazoiak ezagutzeko eta enpresa horren interesek politika publikoak definitzea eragozteko hartuko diren mekanismoak argitzeko.