AKTUALITATEA

| 2026-08-24

Ezkerreko soberanismoak 2026-2027 ikasturteko jardun politikoan eragin nabarmena izango duten udal eta foru hauteskundeetarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako prestaketa-lanak abiatu ditu. Hala, datozen egunetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako, baita Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko hauteskunde-batzordeak osatzeko lanetan ariko dira bilkideak.

Abuztuaren 27tik 29ra bitartean, bilkideek hiriburuetako eta herrialdeetako hautagaitzen fiskalizazioa eta jarraipena egiteaz arduratuko diren batzordeen osaera bozkatu ahal izango dute. Hauteskunde-batzordeak honako hauek osatuko dituzte: EH Bildu osatzen duten eta dagokion hautesbarrutian edo hauteskunde-eremuan antolatuta dauden alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bana, alderdiak bi edo gehiago direnean; dagokion Batzarrak aukeratutako beste horrenbeste bilkide; eta zerrendaburua, behin hautatua izan eta gero.

Modu honetan, datozen asteetan, Euskal Herriko lehen indar munizipalistaren hautagaitza-proposamenak jaso, aztertu, bozketara eraman eta aldarrikatzeko ardura izango dute: Nafarroako Lehendakaritzarakoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietarakoak eta Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko alkatetzetarakoak.

Hauteskunde-batzorde horien egitekoen artean egongo da hautagaitza proposamenak aztertzea, hauteskunde erronkei aurre egiteko duten egokitasuna kontuan hartuta. Era berean, ikuspegi politiko eta lurralde ikuspegitik talde orekatuak, pluralak eta gaitasun handikoak osatu beharko dituzte; zerrenden proposamen osoa egin, ondoren berresteko; eta Estatutuetan eta Erregelamenduan ezarritako egokitasun, aniztasun, lurralde-oreka eta parekidetasun irizpideak betetzen direla bermatu.

EH Bilduk dei egiten die bere oinarriei barne-prozesuan parte har dezaten eta ezkerreko soberanismoaren eskaintza politiko eta elektorala osatzeko lanaren parte izan daitezen, erronkaren tamainako anbizioarekin.