AKTUALITATEA

| 2020-06-05

EH Bilduko hainbat hautetsik euskal preso politikoak bisitatzen hasiko dira datorren astetik aurrera, koalizioak martxan jarri duen dinamikaren baitan, pandemiak kartzeletan izan duen eragina bertatik bertara ezagutzea helburu duena. Koronabirusak berez kartzeletan izan duen eragina are larriagoa izan da euskal preso politikoen kasuan dispertsioaren ondorioz; gaur gaurkoz ere senide eta lagunen bisita gabe jarraitzen dute. Hori dela eta, EH Bilduk, egoera salatu eta kezka adieraztetik harago, egoera bertatik bertara ezagutzea erabaki du, presoen lekukotasunak zuzenean jasotzeko eta, aldi berean, haiei garai honetan egin den lanaren berri emateko, bai nazioartean, bai Kongresuan berriki egindako adierazpenari dagokionean. Bisitez gain, bestelako ekimenak ere jarri ditu martxan EH Bilduk, gutunak idaztea esaterako, pandemiak sorturiko egoeraz harago ere euskal preso politikoen eskubide urraketen aurrean ere babes eta elkartasun ekimen gisa.

EH Bilduk datorren astean abiatuko ditu bisitak. Covid-19ak sortutako salbuespen egoeratik eratorri diren komunikazio arazoei aurre eginez, EH Bilduko hautetsiak presoen eta euren inguruaren eta gizartearen arteko bitartekari gisa arituko dira, euren egoera eta euren gogoetak lehen eskutik ezagutzeko eta, baita ere, horren inguruko ekimenak koalizioaren jardun politikora eramateko prestutasuna agertzeko, konponbide oso baten alde.