AKTUALITATEA

| 2026-09-09

EH Bilduren Legebiltzarreko buruak, Pello Otxandianok, gaur goizean bilera izan du Imanol Pradales lehendakariarekin Lehendakaritzan, eta, topaketaren ostean, herri honek dituen erronka nagusiei aurre egiteko mugimendua, adostasunak eta lidergo partekatuak behar direla aldarrikatu du. EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du legegintzaldia amaitutzat emateko arriskua dagoela, eta alderdien interes elektoralak albo batera utzita herri ikuspegitik jarduteko deia egin du.

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Otxandianok adierazi du datozen hauteskundeek garrantzi handia izango dutela, baina indar politikoek erabaki behar dutela zein rol jokatu nahi duten hurrengo hilabeteetan.

“Datozen hauteskundeak inportanteak izango dira. Asko dago jokoan. Erabaki behar dugu geure alderdien aktibo elektoral hutsak izango garen, ala herri honek behar dituen mugimenduetako protagonistak”, adierazi du.

EH Bilduko buruzagiaren ustez, “arrisku bat ikusten dugu momentu honetan: legegintzaldi hau amortizatutzat ematea, hiru herrialde hauek urte eta erdiz luzatuko litzatekeen prozesu elektoral batean itotzeko. Akats larri bat izango litzateke”.

Otxandianok defendatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan badirela etorkizunerako estrategikoak diren gaietan oinarrizko akordioak lortzeko baldintzak. Haren esanetan, azken urteetan eraikitako adostasunek oinarri sendoa eskaintzen dute herri ikuspegitik jarduteko.

“Badira hiru herrialde hauetan etorkizunera begira estrategikoak diren oinarrizko adostasun politiko batzuk erdiesteko aukerak. Badago lurzoru bat. Badaude baldintzak eta badago zerbait denok partekatzen duguna”, azaldu du.

Era berean, herri honetan dagoen kultura politikoa nabarmendu du eta akordioak bilatzeko unea dela defendatu du: “Hemen badago gutxieneko kultura politiko bat, leku batzuetan ez bezala. Ez dago aitzakiarik”.

Otxandianoren arabera, gaur egungo testuinguru konplexuak ekintza eskatzen du eta ez hitz hutsak. “Hemen behar da mugimendua. Ez da erretorikarako garaia, ez da lirikarako garaia. Herri honek behar du mugimendua momentu historiko hain konplexu eta ziurgabe honetan”, adierazi du.

Zazpi mugimendu urte politikorako

EH Bilduko bozeramaileak zazpi lehentasun estrategiko proposatu dizkio lehendakariari. Bere esanetan, neurri horiek adostasun zabalekin garatuko balira, Euskadi egoera hobean kokatuko lukete etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

“Badaude zazpi mugimendu urte politiko honetan eman ditzakegunak. Elkarlanean, elkarrekin, adostasunez gertatuko balira, hiru herrialde hauek beste eszenatoki batean jarriko lituzketenak”, adierazi du.

Proposatutako zazpi arloak honakoak dira:

1. Eskala handiko etxebizitza publikoen sustapenerako estrategia definitzea.

2. Osakidetzako lan gatazka konpontzea.

3. Industria estrategia zehaztea.

4. Klima aldaketa arintzeko politikak bizkortzea.

5. Euskal migrazio politika definitzea.

6. Adimen artifizialaren etorreraren aurrean gure gaitasunak garatzea.

7. Euskara ikasteko sarbidea eta aukera unibertsalizatzea.

Agerraldiaren amaieran, autogobernuaren inguruko eztabaida ere hizpide izan du Otxandianok, eta hurrengo hilabeteak estatus politiko berri baten inguruko akordioa lortzera bideratu behar direla defendatu du.

“Iritsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus berri baten inguruko akordio politikoa lortzeko unea. Eta hurrengo hilabeteak, denok dakigunez, horretarako izan behar dira”, adierazi du.

Otxandianoren ustez, herri honek dituen erronka ekonomiko, sozial, teknologiko eta instituzionalei aurre egiteko ezinbestekoa izango da alderdien arteko lankidetza eta herri ikuspegitik eraikitako lidergo partekatuak sustatzea.