EH Bildu Espainiako Estatuko alderdi eta indar subiranistekin eta ezker konfederalarekin egiten ari den aldebiko topaketen barruan, ezker subiranistako ordezkariak Mes Mallorca eta Mes Menorca alderdiekin bildu dira, gaur arratsaldean. Hiru indar politikoek kezka agertu dute eskuin eta ultraeskuinek Espainiako Estatuan zein Europan izaten ari den gorakadagatik, asteburu honetan Alemaniako Sajonia-Anhalt estatuan egindako hauteskundeetan gertatu den bezala.
EH Bilduk, Mes Mallorcak eta Mes Menorcak elkarlanerako eta lan-ildo bateratuei eusteko konpromisoa hartu dute, bai Espainiako Estatuan eta bai Munduan gero eta handiagoa den mehatxu autoritarioa geldiarazteko, eta, horrela, olatu autoritarioak mehatxatzen dituen euren herrietako herritarren interesak eta ongizatea defendatzeko. Ildo horretan, Espainiako Estatuko egoera korapilatsua eta nazioarteko egoera ezegonkorra aztertu dituzte.
EH Bilduren aldetik, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria, Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetako idazkari eta Senatuko bozeramailea eta Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkaria izan dira Bilbon egin den topaketan . Mes Mallorcaren izenean, berriz, Carme Gomila Harreman Politikoetako arduradunak eta Toni Trobat Nazioarteko Harremanetarako kolaboratzaileak hartu dute parte. Esteve Barcelo koordinatzaile nagusia izan da Mes Menorcako ordezkariak.
EH Bilduk, Mes Mallorcak eta Mes Menorcak indar politiko autozentratuen garrantzia azpimarratu dute, kalitate demokratikoaren berme gisa, Estatuaren lurralde, politika eta nazio aniztasunak benetako ordezkaritza eta ahots propioa izatea ahalbidetzen dutelako erabakigune guztietan.
Horrela, euren proiektuak euren herrien beharrei erreparatzeko eta erantzuteko sortu zirela nabarmendu dute dute. Zentzu horretan, 0 kilometroko proiektu politikoek lehen eskutik herritarren arazoak eta asmoak ezagutzen dituztela azpimarratu dute.
Estatuaren ikuspegi homogeneoa inposatu nahi dutenen aurrean, gizarte anitzak aldarrikatu dituzte, euren etorkizunari buruz erabakitzeko gaitasuna dutenak eta herritarren aurrean erantzungo duten indar politikoak dituztenak.