AKTUALITATEA

| 2021-04-10

‘Hamar urte baino ez’ dokumentalaren proiekzioaren aurretik Maddalen Iriartek Donostian egindako adierazpenak:

Gaur, EH Bilduren 10 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentalaren proiekziorako elkartu gara hemen. Bertan ondo ikusten da kultura politiko desberdineko pertsonek proiektu politiko beraren inguruan bat egitea erabaki zutela, guztien artean euskal subiranisten eta ezkertiarren etxe komuna eraikitzeko. 10 urte igaro dira jada, eta ibilbide honetan zerbait berretsi badugu, gure herriak subiranotasun gehiago eta hobea behar duela da.

Pandemiak erakutsi digu ez dugula tresna subirano nahikorik euskal herrutarrak zaintzeko eta babesteko. Ez dugu guk bakarrik esaten. EAJko buruzagiek eta Urkulluk berak azpimarratu dute hilabete hauetan. Alarma-estatuaren balizko eta iragarritako amaierak eta horrek dakartzan ondorioek erakusten dute hori. Beraz, premiazkoa eta beharrezkoa da gure subiranotasunari eta batzuek hilabeteetan edota urteetan tiradera batean gordea duten estatus politiko berriari buruzko eztabaidari ekitea. Eta modu zintzo eta gardenean egin behar da. Ez du balio Gernikako Estatutu-bis batek, onartu eta berehala betetzen ez denak eta zaharkituta geratzen denak. Estatus berri bat behar dugu herri eta herri gisa aurrera egiteko eta hazteko, eta euskal herritar guztiak babesteko.
 

Azken egunotan, Aberri Egunaren aurreko egunetan, EAJko bozeramaileei entzun diegu estatus berriari buruzko eztabaida piztu nahi dutela Eusko Legebiltzarrean. Beraiek gelditu zuten eztabaida. Ongi iruditzen zaigu. Berriro diogu. Premiazkoa eta beharrezkoa da eztabaida honi ekitea. Baina zintzotasunez eta gardentasunez egin behar da. Izan ere, eztabaida hau martxan jartzeko borondatea iragartzen den aldi berean, EH Bilduk ez duela inolako akordiorik lortu nahi esaten da. Zertan oinarritzen dira hori esateko? Edo dagoeneko erabakita duzue ez dela eztabaidarik egongo?

Zintzotasuna eta gardentasuna. Argi eta garbi hitz egin behar zaie herritarrei, eztabaida honek gure herriaren zati honen bilakaera markatuko baitu datozen urteetarako. Eta horrek gauza batzuk esatera behartzen du: erabakitzeko eskubidea, berdintasunean oinarritutako Estatuarekiko harremana eta herritarren eskubideak blindatzea eta gainditzea aintzat hartuko dituen estatus berri bat adosteko gehiengo nahikoa dago. Egin genuen akordio hori, EAJ akordiotik jaitsi eta PSEra hurbildu aurretik. Zintzotasuna eta gardentasuna, argi eta garbi esateko PSErekin estatus berri horretan ez dela egongo ez erabakitzeko eskubiderik, ez Estatuarekin berdinen arteko harremanik, ez euskal herritarren eskubideak zabaldu eta hobetzerik.