Xabi Astigarraga EH Bilduren legebiltzarkideak adierazpenak egin ditu, gaur goizean, Errenteria-Orereta gune tentsionatu izendatzeko ekitaldiaren ondoren.
«Errenteria eremu tentsionatu izendatu izana albiste bikaina da, beste politika publiko batzuk egitea eta pertsonen bizi-baldintzak hobetzea posible dela erakusten duelako. Borondate politikoa dagoenean, posible da gauzak aldatzea. Gaurkoa da adibiderik onena.
Etxebizitzaren gaia da erakunde publikoek premiaz konpondu beharreko gaietako bat, larrialdi egoera baten aurrean gaude, milaka eta milaka euskal herritarren bizi-proiektuak baldintzatzen dituelako. Bereziki, gazteena.
Beharra handia da, beraz, azkar ekin behar zaio. Errenteriako Udalak norabide horretan urrats garrantzitsua eman du, baina gogorarazi nahi dugu, legea osotasunean aplikatzeko PNV eta PSEek gobernatzen dituzten Jaurlaritzan eta Foru Aldundietan ere lanak egin behar direla. Eta oraindik egiteke daudela, eta beraz berandu galbiltzala. Beraz, aitzakiak jartzeko garaia bukatu zaie.
Aurrekariak ez dira onak: Jaurlaritzak lege hau errekurritu zuen bere aplikazioa oztopatzeko, eta orain, ez du nahi tentsio eremuen izendapena azkartzea. Borondate politiko falta izugarria dago. Galdera bat egin beharko genioke Jaurlaritzari, Nafarroan PSNren gobernuak asmoa du 3 hilabeteko epean tentsio eremu guztiak, guztiak, izendatzeko; hemen PNV-PSOEk zergatik diote hori ezinezkoa dela?
Berriro diot, gaurkoa albiste ona da, baina premiazkoa da erakunde guztiak norabide berean lanean hastea, borondate politikoa eta anbizioa behar dira etxebizitzaren arazoa konpontzen hasteko».