AKTUALITATEA

| 2023-02-24

Gaur, otsailak 24, urtebete beteko da Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik.
Hasiera-hasieratik, EH Bilduk inbasio hori erabat arbuiatzen duela adierazi du. Herrialdeak inbaditzea eta herriak okupatzea, arazoak areagotzea baino ez du ekartzen, konpontzetik urrun. Hasieratik adierazi genuen gure herria, Gernikako herria, beste hainbatek bezala, gerraren eta okupazioaren logika gaizto eta krudela bertatik bertara ezagutu duen herria dela.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriak gerraren aurkako kontzientzia sakona izan du beti, eta NATOn sartzea errefusatu zuen Espainiako Estatuan egin zen erreferendumean.

EH Bilduk hasieratik azpimarratu zuen hausnarketa horrek gaur egun inoiz baino indar handiagoa duela: armak bidaltzeak, ezinbestean, gizateriaren etorkizunerako aurreikusi ezin diren ondorioak ekarriko lituzkeela. Inork ez du irabazten eta denok galtzen dugu potentzia nuklearren arteko gerrara eraman gaitzakeen igoera batean.

Gure ustez, ez dago irtenbide militarrik gatazka honentzat, eta nazioarteko komunitateak diplomaziaren eta negoziazioaren aldeko apustua egin behar du. EH Bilduk norabide horretan planteatzen diren ekimen guztiak bultzatzea erabaki du, eta hortik aldentzen gaituzten ekimen guztien aurka egingo du.

Diplomazia eta elkarrizketa zintzoa dira tresna eraginkor eta arrazional bakarrak gerra gelditzeko, elkar ulertzeko agertokiak gaitzeko eta herrien elkartasuna eta subiranotasuna defendatzeko.

Azkenik, EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi die ahaztuegi dauden herritar zibilei, inoiz deklaratu ez duten, erabaki ez duten eta inoiz hasi behar ez zen gerraren ondorioak pairatzen dituztenei.